Irudikapen moduak

306 aretoa

Atal honetako obra figuratiboek ondo irudikatzen dituzte artisten askotariko ikuspegiak giza irudikapenaren gaiari heltzean. Egile hauentzat, esperimentaziorako gonbidapen bat da erretratua. Batzuek ikuspegi intuitibo eta berritzailea darabilte zeharo espresiboak diren pinturak sortzeko; beste batzuek, berriz, modu errealistago batean heltzen diote gaiari. Figurazioak eta abstrakzioak ezarritako elkarrizketa-modu desberdinak kontuan hartzen ditu instalazioak; bi bide horiek zenbaitetan artista zehatz batzuen lanean daude integratuta, esaterako, Georg Baselitzen Lenin andrea eta Urretxindorran (2008) eta Henri Michauxen Titulurik gabean (1981); bi obra hauetan nolabaiteko abstrakzio maila lortu da eta, aldi berean, osagai figuratiboa mantentzen da.

Serieko errepikapena, mihise bat baino gehiago erabilita edo konposizio bakar baten barruan, areto honetan bildutako egileetako batzuek erabilitako estrategia da. Alex Katzen Irribarreak (1993–94) sailak artista horren azterketa formala eta kontzeptuala erakusten ditu figuraren motiboa baliatuta, figuraren eta hondoaren arteko erlazio tradizionala arakatzeko tresnatzat erabilia. Artistaren helburua ez da modeloen nortasuna erakustea, irudikapenaren izaerari eta irudien pertzepzioari buruzko hausnarketa sakonago bat eskaintzea baizik. Konposizioan, enkoadraketa bera, figuraren eta hondoaren tratamendua, eta keinua —irribarrea—errepikatuz, pertsonaia zehatzean baino, erretratu desberdinetatik sortzen den esperimentazio piktorikoan arreta jartzera eramaten du Katzek behatzailea.