ELKARREKIN, BAINA BAKARTUTA

" Nire ustez, hainbat giza irudi agertzen diren momentutik, giza irudien arteko harremanen alde narratiboan sartzen zara automatikoki. Horrek, berehala, istorio moduko bat sortzen du. Hala ere, oraindik ez dut galdu istoriorik gabeko giza irudi asko dituen koadro bat egiteko esperantza”.

Francis Bacon*

Areto honetan Diego Velázquezek Sebastián de Morrari egindako erretratua ikus dezakegu. Pertsonaia hori ere inguru osotik bananduta adierazi zuen, eta bere janzkera aberatsak Austriako etxean zeukan posizioa ematen du aditzera. Horrelako pertsonaiek, tartan Inonentzio x.ena aita santuak, liluratzen zuten Bacon: Vélazquezek horiek irudikatzeko zuen maisutasunaz gain, misterio kutsua baitzerien. Sevillako pintorearen lana berrinterpretatu zuen bere ikuspegitik eta hartara Vélazquezen lana aztertzeko gure modua aldatu zuen.  .

Gune honetan, halaber, John Phillip-en La Bomba dago erakusgai. Artista eskoziar hori, osasun-arrazoiak tarteko, Espainia hegoaldean bizi izan zen xix. mende erdialdean. Horrek aztarna handia utzi zuen pintorearen baitan, eta “Phillip espainiarra” ere deitzera heldu ziren, haren obran, besteak beste, Velázquez eta Murillo maisuek utzitako marka dela eta. La Bomba —izenburuak eszena kostunbrista hau gertatzen den lokala ematen du aditzera, Granadan ere koka daitekeena— Londresen aurkeztu zuen Phillipek eta arrakasta handia izan zuen; garaiko artista britainiar askoren inspirazio-iturri bihurtu zen. Margolan honetako pertsonaiek elkarreragin adiskidetsu bat dute, Baconen giza irudiek ez bezala, azken hauek elkarrekin borrokatu edo sexu-harremanak izan behar dituztela baitirudi, areto honen erdigunea betetzen duen triptiko handiak, Ohean dauden giza irudietarako hiru estudio (1972) margolanak, erakusten duen bezala.

Triptikoaren hiru panelek atzealde berdina dute, eta eszena berdina irudikatzen dute, haren elementuek kasu bakoitzean aldaketa txikiak izan dituzten arren. Baconek 33 bider erabili zuen hiru zatiko formatu hori bere ibilbide artistikoan, hiru hamarkadatan, eta artistari irudiak nahita zatikatuta erakusteko balio zion, marko bereizietan antolatuta. Triptikora jotzeaz gain, Baconek hiru eszenako konposizioa mihise bakarreko margolanetan biltzeko ideia sartu zuen, adibidez, Giza gorputzaren estudioak (1975) margolanean

* David Sylvester, The Brutality of Fact: Interviews with Francis Bacon 1962–1979, Interview 2 – 56:57