Kamuflajea eta mimetismoa naturan

Lamuza LHI, Laudio/Llodio

5 eta 6. mailako 22 ikasle, Lamuza LHI, Laudio/Llodio
Irakaslea: Ainara Gómez eta Kontxi Vallinas
Artista: Ibon Saénz de Olazagoitia

Proiektua animalien bizitzaren eta gizakiaren eta naturaren arteko harremanaren esplorazioan oinarritu zen. Sormena, irudimena eta ingurune naturalarekiko errespetua sustatzea zen helburua, eta ingurumenarekiko kontzientziadun proposamen artistiko bat garatzea.

Jardueretako batzuk Laudioko Lamuza parkean egin zituzten, historia handiko gune batean alegia, Urkixoko markesak XIX. mendean sortua baita parkea. Egun, aisialdirako ingurune natural bihurtu da bertakoentzat. Ikasleek alegiazko animaliak asmatu, marraztu eta modelatu zituzten buztina, papera eta itsasgarria erabilita. Irudimenetik sortutako izaki horiek parkean zehar sakabanatu zituzten, eta fantasiazko leku bihurtu zuten horrela. Animalia batzuen ezaugarriak aztertu ondoren, besteak beste, kamuflajea eta mimetismoa, haurrek jantziak diseinatu zituzten naturako elementuekin, oihalekin eta parkean bertan jasotako hondakinekin. Jantziek inguruko koloreak, testurak eta formak imitatzen zituztenez, paisaiarekin bisualki bat egitea lortu zuten umeek.

Kamuflajea —ingurunearekiko antzekotasunean oinarritua— eta mimetismoa —beste izaki batzuekiko antzekotasunean oinarritua— baliabide sinbolikoak izan ziren naturarekiko errespetuari, egokitzapenari eta kontzientziazio-tresna gisa sormenak duen balioari buruz gogoeta egiteko. Gainera, bideoak eta argazkiak egin zituzten, ikasleak zirela protagonista. Horietan, proiektuaren mezu bisuala indartu zuten: naturarekiko harreman sakonagoa sustatzea artearen bidez izaki bizidunek ingurunearekin bizikidetzan garatzen dituzten irtenbideak balioetsiz.