Kanpoaldeak eta barnealdeak

1940ko hamarkadaren amaieratik 1950eko hamarkada hasi arte, barnealdeak eta kanpoaldeak irudikatzen jardun zuen Vieira da Silvak, hemen jasotako obra-sortak aditzera ematen duenez. Lanotan, margolariak espazioa hartu zuen ikergai; hain zuzen ere, artegintzan hasi zenetik izan zuen gai horrekiko interesa, eta askotariko ikuspegietatik landu zuen. Bere koadroetan arkitektura-mota berri bat sortuz, espazioaren mugaezintasuna jorratu zuen kolorearen bidez: urdinak, horiak, gorriak eta are beltzak hedatu eta uzkurtu egiten dute artistaren irudimen arkitektonikoaren bilbe batzuetan trinko bestetan nasaia. Kritikaren eta literaturaren parte handi batek bereziki nabarmendu dute Vieira da Silvak arkitekturarako zuen joera; haren senar Szenes ere bat zetorren ikuspegi horrekin, eta hiri-plangintzara hedatu zuen. Berrogeita hamarreko hamarkadaren erdialderako, Vieira da Silva, espazioaren margolaria, nazioartean ospetsua zen eta eginak zituen erakusketak Lisboan, New Yorken, Parisen, Rio de Janeiron nahiz Stockholmen, baita Veneziako Bienaleko 25. eta 27. edizioetan ere, 1950ekoan eta 1954koan, hurrenez hurren.