KIEPENKERL
"Esperientzia liberatzaile honi esker, artista gisa, Hutsalkeria seriean eta beste batzuetan nire objektuak sortzeko aukera izan nuen. Serie horietan ez nuen readymadekin zuzenean lan egin; baizik eta readymaden ezaugarriak zituzten objektuak sortu nituen".
1987an Jeff Koons Münster-eko (Alemania) Skulptur Projekte-n parte hartzera gonbidatu zuten lehen aldiz. Skulptur Projekte hamar urtez behin egiten den arte ekitaldi bat da. Bertan sortu zuen espazio publiko baterako lehen instalazioa, Kiepenkerl. Hiriaren erdialdeko plaza batean kokatutako eta esanahi historiko eta politiko ugari zituen izen bereko brontzezko eskultura ezagun batean oinarritua zegoen. Koonsek jatorrizkoaren tamaina bereko Kiepenkerl bat egin zuen, baina altzairu herdoilgaitz leunduarekin, eskultura herrikoi bati luxu-itxura faltsua emateko. Hortaz, artistak iragana eguneratu zuen, eta aurreko bi serietako baliabide bera erabili zuen. Hala ere, eskultura hau fabrikatzeko izan zituen zailtasunek —galdatze-prozesuan kalteak gertatu ziren eta ia osorik konpondu behar izan zuten— Koonsen eta aurkitutako objektuaren edo readymade-n arteko lotura aldatu zuten; izan ere, Kiepenkerl lanari esker, aurkitutako objektua osorik, garbi-garbi eta eraldatu gabe uzteko beharretik askatu zen.