Langileak
1929. urtearen amaieran, Oswald de Andraderengandik banandu ondoren, Tarsilak bete-betean jasan zituen New Yorkeko burtsaren gainbeheraren ondorioak. Ondasunak hipotekatu zizkioten, eta ordura artekoa baino bizi-maila xumeagora ohitu behar izan zuen.
Osório César izeneko mediku eta intelektual ezkertiar gaztearen ondoan, sobietar gobernuak bultzatutako eredu ekonomiko eta sozialari begira jarri zen Tarsila. SESBera egindako bidaiak eta bere ideia politikoek —1932an, Getúlio Vargasen erregimenpean, espetxeratu egin zuten ideia haien ondorioz— eragina izan zuten bere margolanen edukian eta estiloan: lan berriak errealismo sozialaren postulatuei jarraituz egiten hasi zen.
Kolore bizien ordez tonu apalagoak txertatzen joan ahala, klase herrikoiak —artistaren 1920ko hamarkadako koadroetako silueta anonimoek iradokitzen zituzten haiek— bihurtu ziren Tarsila garai hartan egiten hasi zen fresko sozialen benetako protagonista.
1937tik aurrera, diktadurak eredu tradizionaletara eta gai intimistetara zokoratu zituen emakume artistak, baina Tarsilak begirada kritiko edo poetikoz jarraitu zuen lan-mundua arakatzen, izan landa-, hiri- zein industria-eremuetakoa. Emakumeen egoera ere hartu zuen aztergai.