MUNDUKO BARREAK

“Adi: barre egitea arriskutsua izan daiteke zure gaixotasunerako”.

Umorea Esther Ferrerren lanaren elementu banaezina da. Hain zuzen ere, ironiaz betetako gizarteari buruzko begirada absurdua da artistaren berezko ezaugarria eta, horri esker, obra artistiko oso kritikoa eraikitzen du.

Oraingoan, Ferrerrek irriarekin egiten du lan. Horretarako, lurrean jarritako mapamundi handi baten hainbat punturen gainean zintzilik jartzen ditu gailu elektroniko batzuk. Hogeita hamazazpi tablet baino gehiago dira, adin, genero eta jatorri ezberdineko pertsonen ahoen irudiak erakusten dituztenak, eta haien barreen soinua erreproduzitzen dutenak. Publikoaren elkarrekintzaren ondorioz aktibatzen dira soinu-fitxategiak, bisitari bat hurbiltzen den aldiro jartzen baitira martxan, artistak “barre-kontzertu” espontaneo deritzenak ospatzeko aukera emanez, pieza honi buruz hitz egitean artistak esan zuen bezala.

Barre-taldeen erreprodukzioa hausaz aktibatzeko ere prestatuta dago instalazioa, bisitariek maparen gainean hartzen duten kokapenaren arabera.

Obra osoak irriaren soinua darabil soinu-material galkor gisa, objektu artistiko bihur daitekeena. Ferrerrek soinu organiko eta natural bat bereganatzen du (hots, barrea); denboran hedatzen du, grabaketaren bidez; espazioan antolatzen du, munduko mapa baten gainean; eta ikuslearen eskuetan jartzen du, erreprodukzio-ordena erabaki dezan. Prozesu horren bidez, konposizio musikaleko elementu bihurtzen du irria.

Honela azaldu du Esther Ferrerrek obra honen xedea:

Munduko barreak (Las risas del mundo) instalazioak ez du barreterapia izan nahi; oinarrizko helburu du, ikusleari barre egiteaz gain, hark “munduko barreak entzutea”, herrialde eta kultura ugaritako umeen, zaharren eta helduenak, kultura eta hizkuntza bakoitzak —zenbait ikertzaileren arabera, barrea hizkuntzaren jatorria da— modu desberdinean sortzen baitu barrea. Batzuetan desberdintasun hori nabarmena da, eta beste batzuetan ez hainbeste.

Gainera, ikusleak Barrearen laborategia du erakusketan. Bertan, bere barrea abiapuntutzat hartuta, “irri harrigarriak eta ezohikoak sor ditzake, gizakion ahots-kordek nekez erreproduzi ditzaketenak edo inola ere erreproduzitu ezin dituztenak”, artistak berak esandakoaren arabera.