NABIAK ETA INPRIMAKETA-KULTURA 1890KO HAMARKADAN
1890ean École des Beaux-Arts-en egon zen Japoniako inprimaketen erakusketari jarraiki, inprimaketak berpizkundea jasan zuen Frantzian, bai litografiak bai xilografiak ere. Berpizte hori bultzatu zutenen artean zeuden nabiak, Henri de Toulouse-Lautrec artistarekin batera. Nabiak (hebreeraz "profetak" esan nahi duen hitza) lotura lausoa zuen anaidia zen, eta bertako kideen arteak Paul Gauguin-en Sintetismoaren kolore- eta motibo-eremu lauen eragina jaso zuen, bai eta inprimaketa japoniarren bat-bateko ebakitzeen eta bi dimentsioko konposizioen eragina ere. Astoko pinturari muzin egin eta nabiek baliabide anitz erabiltzeari ekin zioten inprimaketa, afixa eta ilustrazioetan; haien babesle Thadée Natanson jabekide zuen La Revue blanche bezalako aldizkarietarako egiten zituzten lan horiek. Pintura gobernatzen zuten arau akademikoetatik libre geratzen zen "behe-mailako" artea zen aldetik, inprimaketak askorentzat erakargarri zen askatasun artistikoa eskaintzen zuen.
1890eko hamarkadan zehar, artistek xilografiaren kontraste bortitzekin esperimentatu zuten; Félix Vallotton-ek, adibidez, hala egin zuen asmamen handiz zuri-beltza baliatu zuenean, Parisko gizartearen gaineko iruzkin garratzak egiteko. Beste nabi batzuk, hala nola, Pierre Bonnard eta Édouard Vuillard, liluratuta zeuden koloretako litografiarekin: baliabide horren mugak milaka modutan probatu zituzten —inprimaketa prozesuan manipulazioak egitera ere heldu ziren— eta ukondoz ukondo aritu ziren lanean Auguste Clot inprimaketaren maisuarekin. Bizitza garaikidea Parisko eszena oso murritz baina zorrotzen bitartez irudikatzen zuten afixak eta inprimaketa-bildumak sortu zituzten arte-merkatarien enkarguz; horien artean garrantzitsuena Ambroise Vollard galerista izan zen agian. Toulouse-Lautrecek afixaren arteari eskaini zion bere energia. Eskala handiko sorkuntza bikainek begia engaiatzen zuten iragarki distiratsuak ziren, Parisen zehar denbora laburrerako itsasten zirenak. Leku bohemiarren karikatura antzeko irudikapenek oinezkoak (kontsumitzaile potentzialak) xarmatzen zituzten: Montmartre-ko kafekontzertuak edo kartel buruan ageri ziren artista entzutetsuak, La Goulue (tripontzia) edo Jane Avril, besteak beste. Areto honetako inprimaketek ospatu egiten dute mende amaierako Paris definitu zuen izaera bizi hori.