BITARTEKOAK
Bere ibilbidean zehar, hainbat formatutan aurkeztu ditu testuak Holzerrek: erregistro ofizial eta neurritsuan, nahiz modu jostari eta arruntean. 1970eko hamarkadaren amaieran eta 1980koaren hasieran kartelak jarri zituen Holzerrek New Yorkeko kaleetan barrena. Oinezkoek maiz gehitzen zituzten beren hausnarketa propioak euskarri horietara, edo kritikak egin, edo testu zatiak kendu. Denboraren poderioz, posterrak hondatu edo urratu egiten ziren. Poliestirenozko erabili eta botatzeko edalontzietan, preserbatiboen bilgarrietan eta kamisetetan ere inprimatu zituen bere testuak Holzerrek, egunerokotasun arrunta eteteko bere eduki probokatzaile eta goxoekin. Lehen lerroko erakundeen eta mundu mailako ospea duten eraikinen eskutik lan egiteko gonbita jaso ahala, kokaleku zehatzetan hasi zen bere obrak gauzatzen; obra iraunkorrak, harriz landuak, LED errotuluetan gauzatuak edo beste material batzuekin eginak.
Harrian landutako lanen inguruan hau dio artistak: “Efimeroa eta gorpuzgabea dena estimatu eta harez fio naiz; baita harkaitz gogorrez ere […] Hitzak harrian zizelkatzen direnean, ukitu egin daitezke, eskuarekin irakur daitezke; paperean ez bezala antzeman daitezke. Marmolak eta granitoak denbora harrapatzen dute; errotulu elektronikoek, aldiz, beste modu bateko zeinuak igortzen dituzte. Banku-lerroek itxarongelak, auzi gelak, ospitaleak eta elizak irudikatzera eraman dezakete jendea, onerako edo txarrerako”. Zizelkatutako harrizko lanak prestatzeko erabilitako marrazkiek, aitzitik, itxura hauskorragoa dute, palinpsestoen antzekoa. Irudi horietan artistaren oharrak ikus daitezke, eta bai kalko-paperetik harrira igarotzean testuak utzitako beste ekoizpen-marka batzuk ere.
Holzerrek sorkuntza galkorrak produzitzen jarraitzen du, eta horien artean aldi baterako eta kokapen zehatzeko argi-proiekzioak dira nabarmenenak: proiekzioetako letrak eraikin bateko fatxadan barrena mugitzen dira, edo zuhaitz baten adarren artetik, gaueko zeruan galdu baino lehen. Galera-, ausardia- eta esperantza-mezu puntualak ere aurki daitezke bere azken proiektuetan, kamioietan inprimatuak, Amerikako Estatu Batuetako hiri handietako kaleetan barrena eta monumentu garrantzitsuen aurretik igarotzen diren artean.