Miss Kolera (Miss Choléra)

Dubuffetek 1940ko hamarkadan eta 1950eko hamarkadaren hasieran sortutako margolanek zuzen-zuzenean egiten zieten aurre gizartean arteari buruz errotutako idealei; edertasunaren, trebetasun teknikoaren eta artearen estatus jasoaren idealei, hain zuzen. Horrez gain, Dubuffeten margolan haiek agerian uzten dute artista erabat liluratuta zegoela erabiltzen zituen tekniken ezaugarri bereziekin. Hauxe aldarrikatu zuen Dubuffetek berak: “Arteak materialetik jaio behar du. Espiritualtasunak materialaren hizkuntza erabili behar du. Material bakoitzak bere hizkuntza du, material bakoitza hizkuntza bat da”. Bere pinturaren izaera fisikoa nabarmentzeko, Dubuffetek olio-pinturak loditu ohi zituen zenbait gehigarri erabilita, hala nola karea, zementua eta harea; horrela, ore moduko bat egiten zuen, artistak “haute pâte” deitzen zuena, eta haren bidez, testura handiko gainazalak lortzen zituen. Batzuetan, are urrunago joaten zen eta aurkitutako objektuak gehitzen zizkion margoari; adibidez, harriak eta sokak. Horixe egin zuen Miss Kolera artelanetan.