MOLDEAK, GORPUTZAK ETA MASKARAK

img 4473

Artista: Ixone Sádaba
Maila: 5 eta 6
Lotura duten gaiak: identitatea eta bizikidetza
Teknika: pintura, eskultura eta argazkigintza
Irakaslea: Lidia Salazar
Soloarte Ikastetxea, Basauri
Materialak: papera, argazki kamera, moldeetarako silikona, material birziklatuak (kartoiak, edalontziak, tapoiak, etab.)

Soloarte Ikastetxeko 5. eta 6. mailako ikasleek Ixone Sádaba artistarekin batera egin zuten lan; irudi eta objektuak baliatuta, identitateari zegozkion gaiak adierazteko helburua zuten tailer-programa bat gauzatu dute. Irakasleak lortu nahi dituen helburuak eta sendotu nahi dituen jarrera eta gaitasunak identifikatzen dituenean, Museoko artistak tailer eta jarduera sorta bat prestatzen du. Horrela, proiektu bakoitza bakarra eta pertsonalizatua da, irakasleak zehaztutako abilezia eta ezagutza-eremuak garatzeko diseinatu baita bereziki. Ikasle-talde txiki honen kasuan, identitatea, psikomotrizitatea eta interrelazioak tailerren garapenean zehar atera ziren gaiak dira. Ikasgelaren espazioan, irakasleen eta artisten arteko elkarlana funtsezkoa da: batak bestearen lana laguntzen du, eta konfiantza-gune bat sortzen da. Artisten oinarrizko eginkizuna ikasleen elkarrizketa eta lana dinamizatzea da, eta horretarako, sormen artistikoari berari berezkoa zaion pentsamendu kontzeptuala curriculumeko gai zehatzekin lotu behar du. Baina, inolako zalantzarik gabe, ikasleak dira abentura honetako benetako protagonistak, haien ilusio, energia eta etengabe harritzeko duten gaitasunarekin. Ixonerekin, artearen historiako garai eta estilo desberdinetako erretratuen argazki ugari ezagutu zituzten ikasleek, bi eta hiru dimentsiotan, eta haien autoerretratuak sortu zituzten ondoren: gorputzaren atal bati zegozkion eskulturak egin zituzten, silikona-moldeetatik eta alegiazko erretratuetatik (aurkitutako objektuekin egindako maskarak) abiatuta. Bidean, norbere erantzunak aurkitzeak dakarren plazera ezagutu zuten, bai eta bakarrak eta errepikaezinak diren objektuak sortzeak dakarrena ere. Objektuen bidez haien identitatearen inguruan lan egiterakoan, beren buruarekiko kontzientzia ere garatu zuten.