Mundu hobe baterako mapak

Juan Ramón Jiménez LHI, Gurutzeta (Barakaldo)

3. mailako 22 ikasle, Juan Ramón Jiménez LHI, Gurutzeta (Barakaldo)
Irakaslea: Ziortza Landa
Artista: Nerea Lekuona

Garatutako lanarekin, artea aktibismo sozialerako tresna izan daitekeela egiaztatu zuten ikasleek. Lehenik eta behin, eguneroko bizitzan eragina duten gaiez jardun zuten gogoetan eta, ondoren, arazo sozial zabalagoei buruz, besteak beste, pobreziari, arrazakeriari, diskriminazioari, generodesberdinkeriari eta klima-aldaketari buruz.

Helburua zen haurrak jabetu zitezela gutako bakoitza aldaketaren eragile garela —gure ideiak, emozioak eta balioak adierazteko gaitasuna dugun eragileak—, eta erabaki zezatela beren komunitatean eta munduan zer hobetu nahiko luketen.

Prozesuan zehar beren familien jatorria ikertu zuten, eta horrek taldearen aniztasun kulturala agerian uzteko balio izan zuen. Hainbat mapa atera zituzten atlas batetik eta, munduko toki bana aukeratu ondoren, ikasle bakoitzak leku jakin horretan beharrezkotzat ikusten zituen koloreak, hitzak eta ideiak gehitu zizkion mapari. Kartografia eraldatu horietatik Munduarentzako desio onen atlasa jaio zen. Lan kolektibo horretan, planeta hobe baterako nahiak adierazi zituzten ikasleek. Proiektua garatu bitartean, emozioak kolorearen bidez adierazten ikasi zuten, nahasketekin eta letrekin esperimentatu zuten, eta artista-liburu bat eraiki zuten atlasa berriro koadernatuta. Lana amaitzeko, bideo bat grabatu zuten gizartea eraldatzeko zeuzkaten proposamenak aurkezteko.

Mundu hobe baterako mapak proiektuak lankidetza eta komunikazioa sustatu zituen, baita elkartasuna eta erantzukizun soziala bezalako balioak ere. Proiektua sortzeko aukera izan zuten parte-hartzaileak konturatu ziren bai kontzientzia bai pentsamendu kritikoa pizteko eta eraldaketa soziala bultzatzeko gaitasuna dutela.