Mundu ñimiñoak: Paris

306 aretoa

Vasily Kandinskyk Neuilly-sur-Seinen eman zituen bere bizitzako azken hamaika urteak, Pariseko periferian. Alemania nazitik zetorren, eta 1933ko abenduan iritsi zen Frantziara, eskolak ematen zituen Berlingo Bauhaus erakundea itxi zutenean. Han oso aldi oparoa izan zuen Kandinskyk, ezegonkortasun politikoak eta ondoren etorri ziren urritasun-denborak eragindako eragozpenak gorabehera. Artistak materialekin esperimentatu zuen (harea pigmentuekin nahastuz, adibidez), eta forma biomorfikoz eta kromatismo leunago batez definitua geratu zen haren hiztegi formala. Kandinskyk Bauhauseko egonaldian hainbat elementu organiko eta argitalpen zientifiko bildu zituen arren, 1934an baino ez zuen sartu bere lanean gai horiei lotutako ikonografia. Organismo bizien mundu ñimiñoen antzekoak dira garai horretan sortutako konposizio nahasi korapilatsuak, eta surrealismoarekin zuen harremanaren eragina islatzen dute argi eta garbi, Jean Arp eta Joan Mirórena barne, baita egileak zientzia naturaletan zuen interesa ere, bereziki enbriologian, zoologian eta botanikan. Kandinskyk gero eta sarriago erabiltzen zituen tonu pastelak —arrosa, morea, turkesa eta urre-kolorea—; bere jaioterriko Errusiako koloreen oroitzapen-aztarrenak ziren.

Bigarren Mundu Gerran, Alemaniako agintariek Kandinsky eta beste artista moderno batzuen lanak konfiskatu zituzten, “endekatutzat” joaz, eta aldi berean Sobietar Batasuneko estalinistek museoak ixten eta margolanak biltegietara eramaten ari ziren. 1942tik aurrera, mihiseen eskasia zela eta, formatu txikiagoko margoak sortu zituen artistak taula edo paper gainean. Kandinsky 1944an hil zen, 78 urte zituela, ekoizpen zabala utzita.