Natura, alanbre lotua eta eskultura berantiarra, 1960–1990eko hamarkadak
“Natura dut irakasle, eta gure xx. mende honen ekoizkin diren materialak erabili ditut haren hazkuntza-ereduak aztertzeko”. —Ruth Asawa
1962an, Death Valley basamortuko landare lehortu bat oparitu zioten Asawari, eta horixe izan zuen artistak inspirazio-iturri eskulturagintzan norabide berri bati ekiteko. Landarea marrazten saiatu zen, baina ohartu zen “haren konplexutasuna [medio,] ezinezkoa” zela; beraz, alanbrera jo zuen: alanbre-sortak eta -harilak erabili zituen adar konplexuak nahiz bestelako forma botanikoak sortzeko. Asawak “alanbre lotuzko” eskulturak egiteari ekin zion hurrengo hamarkadan zehar, baita gerora ere. Berak aipatu zuenez, lan horiek “alanbrea bezalako material inpertsonal eta gogor-gogorra hartzen dute, eta naturala dirudien gauza malgu bat sortzen dute; horrela, alanbre-zati abstraktu bat hartu eta landare bilakatu dezakezu. Eta gustuko dut gogortasunetik biguntasuneranzko trantsizio hori”.
Asawaren alanbre lotuzko lanen abiapuntua lore formako, izar formako edo forma geometrikoko erdigune bat izan ohi zen. Pieza lantzen joan ahala, eta forma kanporantz hazi ahala, Asawak materialaren tasunei erantzuten zien “alanbreak agintzen duenari” jaramon eginez, eta naturan agertzen diren patroiak imitatzen zituen. Zintzilikatzekoak nahiz horman eskegitzekoak ziren eskultura haiek bere marrazketa-lana biziberritu zuten; izan ere, alanbrezko piezek bezalaxe, artistaren marrazkiek ere aukera berriak arakatzen zituzten diseinu geometrikoen, lore arinen eta zuhaitz-antzeko patroi adarkatuen bidez.
1970eko hamarkadan zehar, eta baita aurrerago ere, Asawak “materialen, hazkundearen eta formaren mugak arakatzen” jarraitu zuen, “alanbrearekin eskulturak eginez”. Alanbre kiribildu nahiz lotuzko konposizioen aldaera berriak sortuz zihoan heinean —batzuk itxiak eta beste batzuk irekiak, batzuk goitik esekiak eta beste batzuk horman eskegiak—, artistak materialen esplorazioan ere sakondu zuen, eta erretxinarekin nahiz beira koloreztatuarekin esperimentatu zuen.


