Neokonkretismo brasildarra
1950ean Max Bill-en atzera begirako erakusketa bat antolatu zuten Museu de Arte de São Paulo museoan (Brasil), eta handik zabaldu ziren arte konkretuaren printzipioak. Billen iritziz, “abstraktuaren aurkakoa da konkretua: arte figuratiboa errealitatearen abstrakzio bat da; arte ez-figuratiboa, aldiz, gogoaren sorkuntza purua da, konkretu bihurtzen dena gauzapenaren bitartez”. 1957an, Rio de Janeiroko artista-talde batek —Mario Pedrosa arte-kritikariaren ingurukoak ziren— Manifestu neokonkretua sinatu zuen, salatuz arte konkretuak “begi-makina” nahiago zuela “begi-gorputza” baino. Modu horretan, neokonkretismoko bi figura garrantzitsuk, Lygia Pape-k eta Lygia Clark-ek, abstrakzio geometrikoari erantzun zioten modu originalean, zurrunegia zela uste baitzuten. Papek proposatzen zuen artelana hainbat zentzumenen bidez atzitzea; Clarkek, berriz, trantsizio original bat proposatu zuen bi dimentsiotik hiru dimentsiora joateko. Bi-biek ezabatzen zuten ikuslearen eta artelanaren arteko distantzia; horretarako, pieza abstraktuak aurkeztu zituzten, elkarreraginean jarduteko eta manipulatzeko modukoak.