“Nola ikusi”: Black Mountain College, 1940ko hamarkada
Bere praktikan baliatu zituen bitarteko guztietan eta zeharkatu zuen garai orotan, Asawak jarraitutasuna, gardentasuna, eta itxuraz kontrakoak diren kontzeptuen izaera trukagarria arakatu zituen, nola diren figura eta hondoa, edo abstrakzioa eta figurazioa. Funtsezko ideia horiei Black Mountain Collegen (BMC) eman zien forma lehenengoz, bertan igarotako urteetan eman ere, 1946–49 artean. Diziplina anitzeko ikastegi hartako curriculumak sentsorialtasuna eta materialak zituen oinarri, eta, han zela, matematika, filosofia, musika eta dantza eskolak hartu zituen Asawak. Besteak beste, Josef Albers izan zuen arte-irakasle, eta harengandik ikasi zuen “nola ikusi”, artistak berak gerora azaldu zuenez.
Asawaren marrazki, pintura eta alanbre-lan goiztiarrek forma naturalak eta patroi matematikoak izan zituzten inspirazio-iturri, besteak beste. 1947an Mexikora egindako bidaia emankor batean ezagutu zituen Asawak alanbrezko saskiak, bai eta alanbrea “eskuz” ehuteko teknikak ere; inflexio-puntu garrantzitsua izan zen hura bere obran. 1949an BMC utzi zuenerako egina zuen jada aurkikuntza garrantzitsu hori. “Saski bat egiten hasi eta forma ixteraino jarraitu nuen; poliki, teknika eta materiala menperatzen ikasi bitartean, eskulturak egiteko modu horrek zuen potentzialaz jabetzen hasi nintzen”.


