Guggenheim

Paco Durrio (1868–1940) Bilboko Erribera kaleko saskigile baten semea izan zen. 1884an, Parisera joan zen, eta bisitan baino ez zen itzuli. Haren tailerra Bilboren kontsuletxe moduko bat izan zen Parisen haren ondorengo artista-belaunaldi guztientzat. Durrio izan zen Pablo Picasso gazteari Paul Gauguinen grina sortzailea kutsatu ziona (azken horrek testamentu-betearazle izendatu zuen Durrio 1895ean). 1901ean, Parisera iritsi berritan, Durrioren laguntza eta babesa jaso zituen Picaccok, jenio berria zela ikusi baitzuen; uste berekoak ziren, baita ere, Francisco Iturrino eta Darío de Regoyos.

1894an, Durrio Paul Gauguinen lagun minenetako bat zen, eta estudioa partekatzen zuten. Azken aldiz Polinesiara joan aurretik (1895), Durrioren eskuetan utzi zuen Gauguinek bere obra kudeatzeko ardura. Durriok behin baino gehiagotan eskaini zizkion Bilboko Arte Ederren Museoari. Echevarrietatarrek Bonjour, Monsieur Gauguin erosi zuten (gaur egun, Pragako Museo Nazionalean dago), baita Jacob Meijer de Haan margolari herbeheretarraren bi erretratu ere: zur gaineko olio-pintura bat (Museum of Modern Art, New York), eta Nirvana izeneko gouache bat (Wadsworth Atheneum Museum, Hartford). Haien arteko adiskidetasunaren oroitzapena agerian geratzen da Gitarra-jotzailea (Le Joueur de guitare, ca. 1900) erretratuan ere. Markesa uharteetan margotu zuen Gauguinek Durrio gogoan hartuta, Pariseko geltokian elkarri agur esan eta zazpi urtera. Lan horrekin, Gauguinek hiru alderdiren inguruko hausnarketari eman zion bide: hegoaldeko itsasoei (hau da, beste kultura batzuetako objektuei) begiratzeari, pintura objektuen gainean aplikatzeari (hau da, eskultura ulertzeko moduari buruzko ikuspegi berri bati) eta arte xeheak (zeramika, kasurako) kontuan hartzeari. Le Mercure de France aldizkariaren 1905eko udako ale berezian, Gauguinek XX. mendeko artean izan duen garrantziaz hitz egin zuen Durriok, beste artista batzuen artean.

1900ean, Paco Durriok Parisera iritsi berria zen Picasso gazteari kutsatu zion Gauguinek zuen pentsamendu bisualaren su sortzaile hori, eta 1904an, Bateau-Lavoir egoitzan zuen apartamentua utzi zion. Bertan, buztinezko eta brontzezko bere lehenengo eskulturak egin zituen Picassok, Durrioren laguntzarekin. Durriok buztina erabiliz modelatzen irakatsi zion, baita sua erabiltzen eta hark pigmentuei nola eragiten zien ere. Fernande Olivierrek, Picassoren orduko neska-lagunak, Durriok ezkutuan janaria ekartzen ziela kontatu zuen bere Picasso et ses amis (Picasso eta lagunak) liburuan. Picassok “Paco Durrio nire lagun maiteari” eskaintza idatzi zuen Holandar ederra koadroan. Halaber, Durrioren jabetzakoa izan zen Picassoren Mutila pitxerra eramaten; margolan horretan, mutikoak artista bilbotarraren zeramika bat du eskuetan. Picassoren biografo John Richardsonen arabera: “Oraindik ez gara jabetu zenbatraino lagundu zioten Picassori Durrioren teknikek handik berrogei urtera, Vallauris-en, zeramikaren artea goitik behera iraultzeko orduan”. Durrio aitzindaria bat izan zen arte primitiboa eta abangoardia uztartzen, sutan egositako zeramikaren autonomia agerian jartzen eta urregintzari eskultura bokazioa ematen.

Juan Crisóstomo de Arriaga (1806–1826) artista bilbotarrari egin zion monumentua XX. mendean Espainian egindako eskultura publiko onenetako bat da. Obra hori ez da musikariaren erretratu bat, baizik eta musikaria gogoan izateko sinbolismoz beteta dagoen multzo gisa sortutako monumentu bat ―haren benetako zentzu etimologikoan, latinezko monere hitzetik baitator; hots, pentsarazi eta gogoratu―. Irudikatzen duen emakumea, brontzezkoa, abesten ari da, negarrez, musikaria goiz hil delako, eta haren malkoak bizitzaren sinboloa den urmaelerantz doaz. Durriok monumentuaren zentzua berrasmatu zuen: Arriagaren irudia erabili ordez, musa batena erabili zuen, idulki baten eta uraren gainean jarri, eta beste kultura eta sinbolo batzuei egin zien erreferentzia ―Gauguinek bezala―.