Paperik gabeko marrazkiak (ca. 1976–88)

Paperik gabeko marrazkiak (ca. 1976–88) Gegok kontzeptu-mailan duen obra-sail konplexuenetako bat da, eta obra horiek inflexio-puntua dira bere bilakaera artistikoan. Alanbrez, birziklatutako metal zatiz eta burdineria txikiz egindako eskultura minimalista horiek sabaitik edo hormatik zintzilikatzen dira, gainazal bertikalean eta espazioan marraztuta baleude bezala, eta paperik eta markorik gabeko eraikuntza gisa funtzionatzen dute. Artistari espazioa modulatzeko aukera amaigabeak eman zizkion sail horretako pieza-sorta bat da hemen ikusgai duguna. Artelan horiekin eskulturaren autonomia-kontzeptua ere desafiatu zuen Gegok, hormaren mende jarri baitzuen obra, eta marrazkiaren bi dimentsioko ezaugarriak eman zizkion hiru dimentsioko formari.

Adibiderik goiztiarrenetako batzuek kanporantz proiektatzen diren planoak dauzkate; beste batzuk, berriz, lerro horizontal, bertikal edo gurutzatuen inguruan egituratuta daude. 1979an marko karratu edo laukizuzen hutsen itxura hartzen hasi ziren pieza haiek, eta laurogeiko hamarkadaren hasieran, berriz, sarez, hariz eta alanbrez egindako egitura zirkularrak gehitu zituen Gegok. 1984tik aurrera, erretikula desitxuratuak edo hautsiak irudikatzen hasi zen: patroi lineal etenez edo amaitu gabez osatutako konposizio geometrikoak. Paperik gabeko marrazkiak sailean egin zituen azkenengo lanetan eskala txikiagoa aukeratu zuen Gegok, obra inguratzen zuen egitura oro ezabatu zuen, eta lerro zirpilduzko konfigurazio sigi-sagatsuak sortu zituen, konposizio geometriko eszentrikodunak.