Pariserako itzulera

Bigarren Mundu Gerraren amaierak Europara itzultzeko irrika hauspotu zion Vieira da Silvari. Artean erakargarri zitzaion sorterria, Lisboa, baina arrakasta profesionala eman zion lekura itzuli zen 1947an: Parisera. Europako beste hainbat toki bezala, gerrak utzitako traumatik oneratu gabe zegoen hiria, baina artistak jarrera positiboa hartu zuen, eta herrialdeak lortu berri zuen askatasuna laudatu zuen bere lanetan, hala nola Jai nazionala (1949–50) eta Pariseko jaiak (1950) koadroetan. Arkitektura-espazioa ikertzeari eta xehatzeari ere ekin zion, Korridorea edo Barnealdea (1948) lanean ikus daitekeenez, non berrirudikatu baitzuen barne-espazio bat dantzarien eta arlekinen adierazpenetan ohikoa zuen xake-taularen teknika aplikatuz. San Antonioren predikua (1947–50), berriz, atal hau osatzen duten obren kontrapuntu moduko bat da. Lan figuratiboa da, pertsonaiak forma sinplifikatuetara murriztuta badaude ere, eta San Antonioren irakaspenenei eta haien inguruko suhartasunari eskainitako omenaldia da, baita margolariaren jatorriari egindako keinua ere: “San Antonio egunez sortu nintzen [ekainaren 13an], goizaldeko 3etan… Amak esaten zuen gaiten doinuaz eta petardoen zarataz lagunduta erditu zela. Hortik datozkit niri halako alaitasuna eta optimismoa”.