Guggenheim

Gure iraganaren ikuspegi etnografikoago bat eskaintzen da hemen, ikuspegi psikologikoaren eta dantzaren sinbologiaren artekoa. Hortxe dugu Bilbo jai-giroan, non betiko udaltxistulariak protokoloren soinua pertsonifikatzen baitu; eta haren aurrez aurre, elizateetako dantzen mundua, dela Artetaren Erromeria (Romería) lanean, dela Olasagastiren udazkeneko sagar-bilketan eta sagardantzan ikus daitekeen bezala; hasi Jose Arrueren iruditik —Bruegheltarren antzera, elizateetako eguneroko soziologia islatzen du, atzealdean Bermeo zein Arrakundiaga duela—, eta Ucelayren Zuberoako dantzak obraraino, non baserritarrak aristokrata bihurtzen diren; “etnografiaren askapena”, Ramón de Basterra poetaren hitzetan. Ucelayk, batez ere, dena nobletzen zuen erretratugile gisa jardun zuen beti, bai Bermeoko portuan, bai Zuberoako festan. Azken horretan, eszenako objektu guztiek, musikatresnek zein bestelakoek, eta ardo-basoak berak ere (ezinbestekoa Godalet-dantzan), beren leinuliburua, beren nobletasuna eta beren aura estetikoa dute. Ucelayk pertsonen eta haien gauzen edertasun naturala poetizatzen zuen, eta, horrekin batera, baita haien eguneroko bizitza ere: ez zuen egitate etnografikoa dokumentatzen edo kontatzen; aitzitik, sublimatu egiten zuen bere ekialdeko ukituarekin eta kaligrafia pertsonalarekin, jai herrikoi bat kultura bisualaren agerpen erraldoi bihurtuz.