ORDENAGAILU BIDEZKO PINTURAK (1990EKO HAMARKADA)

1992an, Oehlen ordenagailuz diseinatutako margolanak egiten hasi zen. Pixelatuak eta bereizmen txikikoak izateagatik nabarmentzen ziren. Mugak izan arren, ordenagailuen potentzial teknikoak hainbat arau eta patroi sortzen zituen. Hauetan oinarrituz, artistak inprobisatzeko aukera zeukan. Marrazketa digitaleko oinarrizko programek abstrakzio modu berri baterako aukera eman zioten. Oehlenek eskuak ordenagailuaren saguarekin egindako mugimenduek sortutako patroiak aztertu zituen. Patroi horiek keinu espresibo pertsonala islatzen jarraitzeko aukera eman zioten.

Bere ironia eta bat-batekotasuna erakutsiz, artistak margolan hauek “bioniko” gisa definitzen ditu, egiaz itxura futurista baino primitiboagoa duten arren. Mundu digitalaren jargoia erabiliz, irudi hauek “datuen gainkarga” pairatzen dute. Lan hauetan kolore beltza bakarrik erabiltzea, artistak planteatzen duen erronka nagusietako bat bezala interpreta daiteke.

Marrazki hauek ordenagailu eramangarri batean egindako hainbat motibo bezala sortu ziren. Gerora, marrazki horiek handitu eta mihise batean inprimatu ziren. Hainbat teknika uztartuz –ordenagailu bidezko inprimaketak, serigrafia eta pintzel bidezko pintura– sortu ziren. Gaur egun zenbait prozedura konbinatzeko joera hau oso zabaldua badago ere, Oehlen benetako aitzindaria izan zen 1990eko hamarkadan. Izan ere, eskura zeuden baliabide teknologiko konplexuak garai digitaleko margolarientzako teknika egoki bat asmatzeko helburura egokitu zituen.