ZALANTZAZKO PLAZERA: SENTSAZIO-EKITALDIAK

206 ARETOA

1990eko hamarkadaren erdialdean, arte garaikide globalaren oparoaldiari lagundu zioten bienaletan eta nazioarteko beste erakusketa batzuetan hasi ziren artista txinatarrak parte hartzen. Garai hartako obra askok Txinan sartzen ari ziren ideia artistikoak lantzen dituzte, eta kritika teoriko bat aurkezten dute mundu berri globalizatu batean Txinak duen tokiaz. Ai Weiwei, zeina 1993an itzuli baitzen Pekinera New Yorken hamarkada bat eman ondoren, argitalpen ez-ofizial batzuen argitalpenean parte hartu zuen, artista txinatar kontzeptualei ideien trukerako eta beren obra nazioarteko debate zabalago batean kokatzeko bitarteko gisa balio izan zietenak. Aholku hauek ematen zizkien bere testuetan Aik: “Ez fidatu inoiz aginteaz, mesfidatu teoria zentralistez, zalantzan jarri zure balizko eragin kulturalak”. Erakusketa honetan dauden artista asko agertu ziren Liburu estalki beltz, zuri eta gris hauen orrietan.

Performancea izan zen garai hartan paper protagonista izan zuen praktika garrantzitsuenetako bat. 1994an, beste lekuetatik zetozen eta egoitza-leku finkorik ez zuten artisten komunitate inprobisatu bat bildu zen Pekingo inguruetako auzo batean, eta auzo hura “East Village” izendatu zuten. Han, eraikuntza-lan ikaragarrien itzalpean, artista hauek beren gorputzak erabili zituzten erresistentzia fisiko eta psikikoko ekintza eta egitandi gogorretan, modu zuzenean lotzeko egiazko bizitzarekin.

Bestalde, Qiu Zhijie-k eta Wu Meichun-ek antolaturiko erakusketetan —Image and Phenomena, Hangzhoun, eta Post-Sense Sensibility, Pekinen—, arteak bestelako bide bat hartu zuen. Horietan parte hartu zuten artistek sentsazioko eta errealismo kontzeptualeko obren arte bat sortu zuten, elkarrizketa inplizitu bat sortuz Young Bristish Artists taldeko zenbait artistarekin, haien artean Damien Hirst eta Marc Quinn-ekin. Haien instalazioek eta bideoek, giza gorputzaren eta animalien gorputzen parteak baliatuz, “pertzepzioaren intentsitatea” deitzen zutenaren garrantzia azpimarratzen zuten. Erakusketa erradikal haiek artista gazteak aurkezten zituzten, eta haien interesa “esperientzia fisiologiko eta psikologikoaren behereneko mailan, maila oinarrizkoenean” zegoen, artea sustraiko errealitatearen erresumara itzularazteko xedeaz.