"Popeyek 'naizena naiz' irudiaren gaia lantzen du. Nor zaren onartzeko sinbolo moduko bat da. Popeyek bere espinakak ditu. Espinakek indarra eta boterea ematen diote. Hori da artea. Gure espinakak artea dira".
Popeyek, fikzioko itsasgizon ezagunak, izena ematen dio Koonsek 2002an hasi zuen eta oraindik lantzen jarraitzen duen serie honi. Pertsonaia hau —ikono herrikoia eta ezbeharrari gailentzen dion sinbolo proletarioa— eta haren inguruko beste batzuk (Olivia neskalaguna, adibidez) pintura- eta eskultura-multzo honen protagonista dira. Serie honetarako, Koonsek eskultura hibridoak sortu zituen. Eskultura horietan molde bidez igerilekuetako puzgarrien hustuketak metalezko moldatze-lanak eta industrian egindako eta eraldatu gabeko eskailerak, aulkiak edo hesiak nahasi zituen. Hemen, aluminio polikromatuko puzgarri astunaren eta espazioaren arteko lotura fabrikatutako objektuaren bitartez lortzen da. Horrek readymade kontzeptua zalantzan jartzen du. Serie honetako pinturen geruzen artean ere puzgarri horien irudiak agertzen dira. Irudi horiek, hasieran, Photoshop bidez landu zituen eta, ondoren, mihisera eraman zituen. Bertan, olio-pinturaz margotu zituen, eskuz. Konposizioa konplexua eta, aldi berean, oso planoa da: irudiak xumeak eta gertukoak dira, baina elkartzen diren moduagatik, zaila da bakoitza identifikatzea. Salvador Dalíren presentzia —Koonsek miresten zuen eta nerabe zenean ezagutu zuen artista— bistakoa da otarrainaren irudiarekin. Dalik otarraina entzungailu gisa erabili zuen bere telefono ezagunean.