Zergatik zoaz berriro Erromara?
Atrioa
Ernesto Netok Erori egiten den gorputza [Le corps] emea (Leviatan Thot lanetik) [O corpo que cai (Le corps) fêmea (de Leviathan Thot), 2006] lana Parisko Panteoirako gin zuen. Eraikin hori, Frantziako Iraultza ostean, ideologia humanistaren ikur bihurtu zen; garai baten sinbolo da, politika modernoaren eta zientziaren iraultzarena, gaur eguneko mendebaldeko gizartearen jaiotzarena. Guggenheim Bilbao Museoko Atrioan ipini da orain. Artistaren hitzetan, ez da beste eraikinik gaur eguneko arkitekturaren eredu izateko; Netorentzat, Gehryren eraikina gure garaiko ikur da.
1990eko hamarkadaren erdialdean, artistak hasierako lanetan erabilitako hizkera geometrikoa atzean utzi eta poliamidazko piezak askotariko materialekin betetzen hasi zen; esaterako, poliestireno-aparrezko bolez, irinez eta espeziaz. Giza gorputza edo beste organismo bizi batzuk gogoraraziko zituzten formak sortu nahi zituen. Erori egiten den gorputza [Le corps] emea(Leviatan Thot lanetik) lan zuria, handi-handia, sabaitik zintzilik dago, ikuslearen gainean, eta arnasa hartu behar duela ematen du. Haren gorputz-adarrak, luzeak, bigunak eta leunak, astun erortzen dira, Lurrera lotzen gaituen grabitatearen indarra gogora ekarriz. Eskultura malgua da, sentsuala eta iragankorra, gure gorputzak bezala.
Zeruari begira (Olhando o céu, 2013) obrako hamaka-gurditxoen bidez, instalazioa hainbat ikuspuntu behatzeko aukera izango duzu, bai eta Atrioan barrena oinen bidez abiada hartuta mugitzekoa ere. Ordu jakin batzuetan, asteartetik igandera, erabili ahal izango dira; horiek erabili nahi izatekotan, hurbil zaitez Museoko orientatzaileengana eta haiek obrari eta artistari buruzko informazioa emango dizute.