PUPPY

“Uste dut Puppyk arrakasta handia izan duela kontrolaren eta kontrol-ezaren gaiak jorratzen dituelako. Obra sortzeko kontrola beharrezkoa da baina, ondoren, askatu egin behar da”.

Zeruan egina serieko lanek sortutako eztabaidaren ondoren, Koonsek lan berria aurkeztu zion kritika eta publikoari, Puppy, eta haren lan ikoniko eta maitatuenetako bat bihurtu zen. West Highland white terrier arrazako txakurkume baten lorezko monumentua zen, eta Bad Arolsen-en, Alemanian, Kassel hiritik hurbil, kokatutako Waldeck-eko gaztelu barrokoaren patio nagusian ezarri zuten 1992an. Bertan, Documenta IX. edizioa egiten ari ziren. 11 metro garai zen lehen bertsio hura egurrezkoa zen eta proiektua amaitzean desegin zuten. Geroago, Koonsek haren bertsio bat sortu zuen, altzairuzko egiturarekin. 1997an Guggenheim Bilbao Bildumak pieza hori eskuratu zuen eta, urte horretan, irailean, Museoaren eraikinaren aurrean behin betiko ipini zuten, Museoa inauguratzeko.