ESKALARI BURUZKO IKERKETA

208 ARETOA

Espazio honetan, Alberto Giacomettik 1938tik aurrera landutako eskala desberdinak biltzen dituzten obrak ikus daitezke. Garai surrealistaren aurretik, artista bere eskulturen idulkiaren formari eta dimentsioei buruzko hainbat aldaera aztertzen hasia zen, berarentzat elementu hori obraren beraren zati baita. 1957an, eskalari eta giza figurari buruzko bere ikerketan jarraitu zuen Hanka (1958) obran, idulki oso altu batean kokatutako pieza izugarria berau. Haren tamainak eta egoera zatikatuak antzinako eskultura ekartzen digute gogora. Eragin hori esteletan ere ikus dezakegu, haien idulkiak, zutabe antzekoak, gizonen bustoekin koroatuta baitaude; horren adibide dugu Buru handia (1960).

Gizona oinez (1960) da Giacomettiren obrarik ezagunena, eta XX. mendeko eskultura ospetsuenen artean dago. 1930eko hamarkadan Emakumea oinez obrako pausoa hain dotore zizelkatu zuenetik, Giacomettik keinu horren irudikapenean jarri zuen arreta, estatua egiptoarren tradizioan inspiratuta. Artistak bazekien estatua neurrigabe eta mugiezin gisa baino ez zuela ikusten emakumea, existentziaren idolo gisa; gizonak, aldiz, tinko egiten zuen aurrera, mugimenduan.

1959an, New Yorkeko Chase Manhattan Bank-en aurreko plazan kokatzeko multzo monumentalerako egin behar zuen lanaren aitzakian, bere eskulturan lehenengoz 1947an sartutako motibo hau berau landu zuen berriz. Azkenean amaitu gabe geratu zen proiektu horretan, Giacomettik Gizona oinez eskultura Buru handia lanarekin eta Emakume handia batekin batera aurkeztu nahi zituen; azken horrek 2,50 m-ko altuera zuen.