EXISTENTZIALISMOA: FIGURA LUZANGA ETA FILIFORMEAK

209 ARETOA

Honela definitu zuen Sartrek Giacometti: “artista existentzialista perfektua [da], izanaren eta ezerezaren arteko erdibidean”.

1945etik aurrera sortu zituen artistak bere obrarik ezagunenak: oso figura luzanga eta estilizatuak ziren, espazioaren eta modeloaren eta artistaren arteko espazioari buruko kezka berriak islatzen zituztenak. Giacometti Parisera itzuli zen, eta, eskala- -aldaketaren bidez, gerraren traumak eragindako larritasuna adierazi ahal izan zuen. “Gerraren ondoren nazkatuta nengoen, eta neure buruari zin egin nion ez nuela utziko nire estatuak hazbete bakar bat ere murriztea. Eta, orduan, hau gertatu zen: altuerari eustea lortu nuen, baina estatua oso mehea geratu zen, zurtoin bat bezalakoa, filiformea”.

Erakusketak azpimarratu egiten du artistak igeltsua edo buztina bezalako material moldagarriekiko zuen interesa. Obra baten ekoizpenean, sortzaile askok igeltsua tarteko material gisa baliatzen duten artean —hura buztinez modelatu eta brontzez moldekatu aurretik—, Giacomettik hasierako formarako nahiz amaitutako pieza taxutzeko baliatzen du material hori.

Giacometti 1956ko Veneziako Bienalean Frantzia, harrera egin zion herrialdea, ordezkatzeko hautatu zutenean, espazio hartan bere lana nola erakutsi ahal izango zuen hausnartu zuen artistak. Pieza berriak egin nahi izan zituen, aurreko batzuekin batera aurkezteko, eta, horrela, serie bat sortu zuen, Veneziako emakumeak izenekoa. Erakusketa hau aukera paregabea da igeltsuzko zortzi eskultura horiek batera ikusteko; horietako batzuk pinturazko ukituekin. Ekainetik, duela gutxi Parisen inauguratu den Giacometti Institutuan egon dira ikusgai.