305. ARETOA

Areto honetan Hermann Rupf-ek lagun eta arte-merkatari Daniel-Henry Kahnweiler-i Parisen erositako lehenengo lanak daude, 1907 eta 1908 artean eskuratutakoak. Rupf eta Kanhweiler Franfurteko Commerz-und Disconto-Bank-en ikasi zuten eta 1902 eta 1904 artean Parisen izan ziren, Kahnweiler burtsako artekari-laguntzaile moduan eta Rupf Jacques Meyer Fils & Cie enpresan (gaur egun, Galeries Lafayette). Literaturarekiko eta musikarekiko interesa zuten biek eta elkarrekin joaten ziren antzezlanak eta kontzertuak ikustera. Louvre Museoan ematen zuten denbora, baita hainbat erakusketa-aretotan, arte klasikoa eta modernoak liluratuta. Ondoren, Rupf berriro ere atzerrira joan zen, Londresera, eta 1905ean Bernara, jaioterrira, itzuli zen. Bertan koinatu Ruedi Hossmann-en mertzerian lanean hasi zen, 1908an bazkide bihurtu zen —“Hossmann & Rupf”— eta 1910ean Margrit Wirzekin ezkondu zen.

Bilduma osatzen hasi ziren Rupftarrak, haien irizpideei jarraiki; nolanahi ere, Parisen zegoen Daniel-Henry Kahnweiler-en laguntza berebizikoa izan zuten. Haren galeriaren bidez erosi ahal izan zituzten Fernand Léger-en, Juan Gris-en eta gerora André Massonen lan-multzoak. Kahnweilerren eta Rupf-en laguntasuna luzea, bizi osokoa, izan zela erakusten dute gorde diren 800 eskutitz inguruk.

Rupf maiz joaten zen Parisera dendarako salgaiak erostera eta bertan Kahnweilerrekin biltzen zen haren galerian; batzuetan artistak bisitatzera joaten ziren. Jadanik 1907an Pablo Picassoren, Georges Braqueren eta artista fauvisten lanak, Othon Friesz eta André Derainenak, besteak beste, erosi zituen. Lehen Mundu Gerra hasi arte, bilduma handitzen joan zen eta 30 artelan aukeratuen multzo bikaina osatu zuen; lan gehienak kubistak ziren.

Areto honetan aipatzekoa da Florian Slotawa-ren Bernako oinak (2010) instalazioa. Artelan berri bat egiteko arretaz aztertu zuen artistak Hermann eta Margrit Rupf Bilduma —artelanak eta historia— eta lau eskultura hautatu zituen —Hans Arp, Max Fueter, Henri Laurens eta Ewald Mataré artisten bana—. Bildumaren adierazgarri diren artelan bakoitzerako oina diseinatu zuen Slotawak, bikotearen etxeko altzariak erabiliz.