LEKUA

Holzerren obrak ezusteko lekuetan harrapatzen dute publikoa, eta gonbita luzatzen du ikusleak gai polemikoen inguruan hausnar dezan. 1990eko hamarkadan memoria-monumentuak sortzeko gonbidapenak jasotzen hasi zen artista, nazismoari eta Bigarren Mundu Gerrako gertakariei lotutako lekuetan, hiesaren epidemiari lotutakoetan, edo, zabalago, bakeari lotutako gaien inguruan. Obra horietako ugaritan, Holzerren argi-proiekzio askotan bezala, artelanak hartzen dituen toki zehatzetako historian sakontzen duten testuak aurki daitezke (batzuk, bereak; beste batzuk, ordea, iturri literario eta artxibo desberdinetatik hartuak).

Holzer natura-inguruneetan ere aritu izan da lanean. Inguru horietan beste formatu batzuetara egokitzen dira bere instalazioak, paisaiaren edertasunak, testurek eta beste ezaugarri batzuek egokituta, izan basamortuan edo basoan. Bere ibilbidearen hasieran kalean jartzen zituen kartelen antzera, obra berriago hauek ere ideia eta emozio indartsuak sortzen dituzte toki harrigarrietan. Harkaiztiak euskarri bikain gisa agertu zaizkio esku-hartze zoli baina bizi horietarako.

Obra guzti horietan, funtsezkoa da testua leku publiko batean aurkitu eta irakurtzearen esperientzia. Artistaren beraren hitzetan: “Kaleko kartel batekin, pertsona batek metro batzuk egiteko behar duen denbora-gunea duzu. […] segundo gutxian funtzionatzen duena eskaintzen dut, edo bloke apur bat luzeagoetan, kontzentratu nahi eta ahal duten pertsonentzako. [...] Gogoan izan behar duzu ikusleak boluntarioak direla. [...] Esaldi batzuk mezu osoak dira, istant bakarrean xurga ditzakezunak, baina norbaitek luzaroago geratu nahi badu, sail oso bat dago hiru segundoko lerro horiek txertatuta dituena, eta hori konplikatuagoa bihurtzen da”.