SURRENDER

Errendizioa

Errendizioa (Surrender) horma batean bata bestearen gainean muntatuta dauden bi pantaila lauek osatzen duten diptikoa da. Bertan, gizon baten eta emakume baten irudiak ikus daitezke, bakoitza pantaila batean. Beren posizioak aldizkatu egiten dira goiko pantailaren eta beheko pantailaren artean, ikus-entzunezko erreprodukzio-ziklo bakoitzean. Irudiak gerritik gora agertzen dira, eta beheko pantailako irudia alderantzikatua dago goiko irudiarekiko; ispilu-irudi bat iradokitzen da horrela.

Gizonak eta emakumeak hiru errenditze-forma desberdin antzezten dituzte, iraupenean eta emozio-intentsitatean haziz doazenak. Hasiera batean, badirudi egoera horrek fisikoki gerturatzera eramango dituela, elkar besarkatu edo musu ematera joango balira bezala. Hala ere, uraren presentzia nabari da beren ekintzetan, pantailaren beheko aldean, eta aurrez aurre murgiltzen dira bertan. Azaleratzean, badirudi beren nahigabea eta beren larritasuna handiagoak direla, uraren gainazalean beraiek eragindako ondulazioekin batera areagotu balira bezala. Beren gorputzen irudiak olatu itxura duten formetan hausten direnean, ohartzen gara uretako beren islei begira aritu garela orain arte, eta ez beren egiazko gorputzei. "Irudiaren irudi" hori geroz eta gehiago itxuraldatzen da, eta geroz eta modu biolentoagoan, irudiak uretan murgiltzen diren bakoitzean; harik eta, azkenean, intentsitate emozional eta fisikoa puntu goreneraino iristen den, eta beren forma bisualak argi eta kolore puruzko forma abstraktuetan desintegratzen diren.