Nota: este sitio web incluye un sistema de accesibilidad. Presione Control-F11 para ajustar el sitio web a las personas con discapacidad visual que están usando un lector de pantalla; Presione Control-F10 para abrir un menú de accesibilidad.

Texaseko Bauhaus

1935ean “sormen-argazkilaritza” ikastaro bat antolatu zuen Carlotta Corpron-ek Denton hiriko Texas Woman’s University unibertsitatean, bitarteko horrekin esperimentatzeko asmoz. Corpronek argia erabili zuen lehengaitzat bere lanean, horregatik, “argi-modulatzaile” bat erabiltzearen alde egin zuen: kaxa bat da, zulo eta guzti, zeinetan objektuak kokatu zitezkeen argazkiak ateratzeko. Halaber, bestelako materialen erabilera bultzatu zuen: ispiluak, prismak, paper pusketak, kristalezko kuboak eta pertsiana veneziarrak, argia hainbat objekturen azaleren gainean errefraktatzeko, desitxuratzeko eta islatzeko xedez betiere. Ikastaro ireki horretan aritu ziren Ida Lansky eta Barbara Maples; bigarrenak argazki liluragarriak sortu zituen ura eta olioa sartuz kristalezko bi xaflaren artean. AEBtik kanpo ezezagun samarrak diren arren oraindik ere, obra horiek erakusten dute nolako garrantzia izan zuten Chicagoko Bauhaus Berritik eratorritako berrikuntza teoriko eta formalek; László Moholy-Nagy izan zen eskola haren zuzendaria, eta haren pentsamenduak lorratz sakona utzi zuen Carlotta Corpronen jardunean.