TESTUAK ETA EHUNGINTZA: HARIARI JARRAITUZ

Albersek AEBko arte-eszena bizian izan zuen presentzia erabakigarria izan zen artistak arte-forma eta -praktika berriekiko aldarte emozionala irekiagoa izateko eta hark zeukan ehungintzarekiko ikuspuntu berezia taxutzeko. New Yorkeko Museum of Modern Art-ek 1949an antolatu zion bakarkako atzera begirakoari esker haren sona finkatu zen, batez ere erakusketa ibiltaria izan zelako, AEBko museo askotara bidaiatuz. Alberstarrak Black Mountain College utzi eta hil artean bizitoki izango zuten Connecticutera alde egin zutenean, Albersek lan pedagogikoa eta esperimentazio artistikoa tartekatzen jarraitu zuen, ehungintza-arte modernoaren garapenean giltzarri izan diren hainbat testu idatzi artean. Erakusketa honetan bere helduaroko ehun piktorikoen hautaketa bat aurkituko dugu; bertan motibo grafiko berriak sortzen dira: antzinako idatziak gogorarazten dizkiguten motiboak dituzte eta erritmoaren araberako irakurketa bat egiteko gonbitea luzatzen dute. Testuaren eta ehunaren arteko hibridoak dira ehun piktoriko horiek, mihisearen eta orriaren artekoak, bilbe eta irazki hutsez egindako euskarri batean; Albersek horiek garatzen jardun zuen, 1968an ehungailua behin betiko utzi zuen arte.

Aldi berean, bere ehunentzako prestakuntza-marrazki eta -gouacheak birpentsatzen hasi zen artista, eta hausnarketa horrek teknika grafiko berriekin esperimentatzera bultzatu zuten Annie Albers eta horiek erabiliz sei irudiz osatutako sail bat sortu zuen 1964an, Lerro-loturak izeneko portfolioan bilduta argitara eman zituenak. Grabatugintzan eta inprimaketa grafikoko teknika desberdin horietan, Albersek ikerketa bisualerako gune berri bat aurkitu zuen, ehungintza-lana erabat ordezkatuko zuena. Lehen lan grafiko horiekin batera zirriborro, diagrama eta argazkiak daude ikusgai; Anni Albersen garapen teorikoari lotutako elementuak dira, eta 1965ean argitaratuko zuen Ehungintzaz (On Weaving) funtsezko lanean islatu ziren.