HOSTO BATEK EZ DU BASEA EGITEN
Artista: Naia del Castillo
Maila: 4
Lotura duten gaiak: identitatea, taldea eta natura
Teknika: pintura, eskultura eta argazkigintza
Irakaslea: Andoni Bengoa
Tomas Camacho Ikastetxea, Bilbo
Materialak: hostoak, papera, artaziak, argazki kamera, kartoia, igeltsua eta tenpera
Zer harreman dago norbanakoaren, taldearen eta naturaren artean? Eta zer zerikusi du horrek guztiak artearekin? Laugarren mailako ikasle horiek Naia del Castillorekin elkarlanean aritu dira norberarena edo pertsonala dena taldean integratzen duen proiektu batean; halaber, naturarekin eta artearekin loturak ezarri dituzte prozesuan zehar. “Entzun”, “behatu”, “hitz egin”, “jardun” eta “sortu” hitzak ekintza-aditzak dira, eta ikasketa errazten dute. Hori da programa gidatzen duen ideia, curriculumeko diziplinen mugak disolbatu eta haurrak munduari modu sortzaile eta pertsonalean begiratzera animatzen dituena. Artea errealitatea deskubritu, esploratu eta atzitzeko tresna bilakatzen da. Azken finean, metodologia honek sustatu egiten du ikasleek beren pentsamenduak arrazoitu eta adieraztea. Gainera, esperientzia honek prestatu egiten ditu gaitasun kritiko hori beste ezagutza-eremu batzuetan eta haien eguneroko bizitzan erabiltzeko gai izan daitezen.
Ingurukoa behatzen hasi ziren ikasleak. Hostoak ikusten ikasi zuten: haien koloreak, gardentasuna; aurkitutako hosto horiei erabilera berri eta originala eman zieten, eta taldeari buruz mintzatzen ziren esaldiak osatu zituzten, “hosto batek ez du basoa egiten”, esaterako. Naiak bereizgarri pertsonalez osatutako abaraska bat sortzeko proposatu zienean, esploratzaile bihurtu ziren ikasleak: norberak irtenbide sortzaile eta bereziak bilatu zituen, hexagono baten gainean sinbolo propioa sortzeko. Ibilbide osoan zehar, Naiak helmuga ezezaguneko bidaiak proposatzen zizkien, eta haurrek artistaren proposamena berrasmatu egiten zuten, prozesu bakoitzari ezusteko irtenbide bitxiak emanaz.