GIZARTE MATRIARKAL BERRI BAT

"Komunismoak eta kapitalismoak porrot egin dute. Bada garaia gizarte berri bat, matriarkala, eratzeko, nire ustez. Gosez hilko lirateke pertsonak emakumeek esku hartuko balute? Pentsatzen dut, eta ezin dezaket saihestu, ama diren, ama izateko gaitasuna duten emakumeek, zoriontsu nintzatekeen mundu bat eraikiko luketela.”

Nanak izeneko eskulturak emankortasunaren jainkosen eta erditzeen muntaien hedadura naturala izan ziren. Hasieran, itsatsitako paperez (papier collé) eta artilez egiten zituen, eta, gerora, erretxinaz. Artistaren arabera, emakumeen irudikapen hauek, sarritan sabel handituak zituztenak, jatorria zuten Larry Rivers-ekin egindako marrazki bat, Riversen emazte haurdun Clarice irudikatzen zuena. Emakume ederrak eta indartsuak dira Nanak, eta emakumeek boterea duten mundu berri bat hezurmamitzen dute. Gorputzak, emankorrak eta koloretsuak, aurki eraldatu eta zabaldu ziren, Nana Etxe bihurtzeko. Nana Etxe horiek bizitzeko beste modu bat ematen zuten aditzera. Nana Etxe hauen artean lehena eta nagusia Emakumea (Hon) izeneko lana izan zen. Jendea bere barruan sartzeko moduko eskultura erraldoi hori, aldi baterako baino ez eraikitakoa, Stockholmeko Moderna Museet-en sortu zuen 1966an, Jean Tinguelyren eta Per Olof Ultvedt-en laguntzarekin, museo horretako zuzendari Pontus Hultén-en gonbidapenaren harira.