Gozokiak salgai

202. ARETOA

Ernesto Netok bere jaioterriko herri-kultura bizian murgiltzera gonbidatzen gaitu. Koloretako hariz sortutako egitura erraldoi batek, kakorratz-lanaren teknikaren bidez josita, inguratzen gaitu, kultura karioka aberatsaren partaide bilakatuz.

“Baleiro Bala” portugesezko esamoldea da atal honen izenburua eta sanba eskola bateko kantu ezaguna da. Rioko ingurune pobreenean, trenbidetik gertu, lan egiten duen camelô edo gozoki saltzaile ibiltari baten istorioa kontatzen du. Saltzaile ibiltariaren figura hartzen du abiapuntutzat artistak, bizirik irauteko gaitasunaren adibide gisa, eta Brasilgo herri-kultura aldarrikatzen du kultura horren zenbait elementu esanguratsu baliatuz. Soka gorri, hori, urdin, laranja, more eta berdeak —Netoren estudiotik gertu dagoen tailer batean lantzen direnak— goialdean lotzen dira sare zabala osatuz. Noranahi begiratuta ere, barruan dutenaren pisuak bultzatuta erortzen diren zutabe luzeak ikusiko ditu bisitariak, kolore berdineko garagardo edo freskagarri latez, edo koko berde handiez, edo poliestirenozko bolez beteta baitaude gehien-gehienean.

Atal honetako musika-tresnak erabil ditzake bisitariak, baina iritsiera ordena errespetatzea eta arreta handiz erabiltzea eskatzen dizugu.