Xake-mate: dantzariak, xakelariak, karta-jokalariak

Michel Seuphor belgikar margolari eta kritikariak honela deskribatu zuen Vieira da Silvaren lana: “Dimentsiorik gabeko espazio bat, mugatua eta mugagabea aldi berean; haluzinazioak eragiten dituen mosaiko bat, non elementu bakoitza hornitua baitago bere berezko muina gainditzen duen barne-indar batez”. Haren hitz adierazkorrak ezin hobeki egokitzen zaizkie atal honetako obrei: dantzariak, xakelariak eta karta-jokalariak ageri dituzten lanotan, lengoaia abstraktu berezia garatu zuen margolariak, forma figuratiboak ezkutatuz eta agerian jarriz era berean. Pintura dinamikoak dira, lauki-sorta txiki, elkarri kontrajarri eta zehatz margotuetatik abiatuta sortuak. Koloreak kaleidoskopio batean bezala hedatzen dira, eta begirada lauki batetik bestera daramate, alderrai, sortzen duten mugimendu-sentsazioaren eraginez. Vieira da Silvaren dantzariak uhindu, txikitu eta jariatu egiten dira etengabe; haren jokalariak, berriz, buru-belarri murgilduta ageri dira etenik gabe garatzen diren karta- edo xake-partidetan, eta partida horiek gure begien aurrean gertatzen den bizitzaren jokoaren metaforak dira.