Yayoi Kusama
Litekeena da bisitari-kopuruak edukiera mugatuko artelan honetara sartzeko itxaronaldiari eragitea
Areto honek Yayoi Kusama artista eta idazle japoniarraren (Matsumoto, Nagano, 1929) Infinituaren ispilu-gela - Gizakientzako zorion-guraria unibertsoaz harainditik igorria (2020) lana aurkezten du, Guggenheim Bilbao Museoaren 25. urteurrenaren kariaz antolatutako Sekzioak/Intersekzioa. Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumak 25 urte erakusketaren barruan.
Kusama ahots berezi bat da, artearen historiak berreskuratu eta dagokion lekuan jarri duena. Sorkuntza garaikidearen artista aitzindari eta nabarmen honek gizarte-aldaketarako baliabide gisa erabiltzen du artea; horretarako, performancea, pintura, marrazkia, eskultura, literatura eta bere murgiltze-instalazio ezagunak (Infinituaren ispilu-gelak) baliatzen ditu.
Artista adin goiztiarrean hasi zen bere produkzioaren ezaugarri diren motiboak lantzen, pairatzen zituen haluzinazioen ondorioz. Laster, errepikapenez eta patroiz bete zuen bere obra, eta, berrogeita hamarreko hamarkadaren amaieran New Yorkera iritsi ondoren, Infinitu-sareak deitu zituen pintura monokromatiko handiak osatzeko baliatu zituen ezaugarri haiek. Pixkanaka, baina, gero eta hedadura handiagoa eman zien lan horiei, haiekin hormak eta, aurrerago, gela osoak −zorutik sabaira− betetzeraino.
1960ko hamarkadan, lan handia egin zuen aktibismoaren alorrean, eta bere artea eta, bereziki, zinema eta performancea baliatu zituen garaiko gizarteari eskatzen zizkion aldaketak nabarmentzeko. Bere lanak aitortza “ofizialik” ez izateak krisi sakona eragin zion, eta, hala, 1970eko hamarkadan Japoniara itzuli eta eremu publikotik desagertu zen; baina lanean jarraitu zuen, artea terapia gisa landuz betiere. Haren lanaren berreskuratze publikoa 1980ko hamarraldian hasi zen; haren hainbat pieza jarri ziren erakusgai, baina sorkuntza berrietarako bide eta pizgarri gertatu zen.
Infinituaren ispilu-gela - Gizakientzako zorion-guraria unibertsoaz harainditik igorria lanak (laurogeita hamar urtetik gorako artista honen azkenetakoa) murgiltze-esperientzia batean sarrarazten gaitu berriro. Espazio honek Kusamaren haluzinazioak proiektatzen ditu, haren unibertso obsesiboaren partaide egiten gaitu eta “auto obliterazioaren” beharra transmititzen digu, gela infinitu honetako ispilu-hormetan azkenik gabe biderkatzen diren koloretako argien joko dardaragarri eta paregabean desagertzera gonbidatuz.