Zuriaren tonuak

Azken atal honek omenaldia egiten dio Vieira da Silvaren ibilbide artistikoari. Erakusketa nagusian txertatutako atzerabegirako txiki baten modura, bere ibilbidearen une desberdinetan sortu zituen baina kolore zuria ardatz komuna duten obrak biltzen ditu. Margolari gisa, Vieira da Silvak ongi menderatzen zuen kolorearen erabilera: gorria, urdina, horia eta tonu ilunagoak nagusi ziren haren lanetan, erakusketa honetan ikus daitekeenez. Zuriaren itxurazko neutraltasuna eta ezin konta ahala ñabardurak, ordea, tonurik distiratsuenak bezain garrantzizkoak dira. Artistak zioenez, kolore batzuk bat zetozen urtaroekin: “Bitxia da, baditut udako koloreak eta neguko koloreak: bero egiten duenean, urdinez, berdez… pintatzea atsegin dut; eta, hotz egiten duenean, gorria dut bereziki gogoko”. Hala ere, zuria urte osoan erabil zezakeela sentitzen zuen, izaera neutroa duelako, agian, edo itxuraz inongo beste kolorerekin atxiki ezin zuen barne-emozio bat adierazteko bidea ematen ziolako, beharbada. Bere bizitzaren amaiera aldera, Vieira da Silvak ia esklusiboki baliatu zuen zuria, bere obrari dimentsio espirituala atxikitzeko modu gisa baliatu ere.