Artea ikasbide 2001 | Guggenheim Bilbao Museoa
Iragandako erakusketa

Artea ikasbide 2001

2001.06.12 - 2001.07.14

Aurten Guggenheim Bilbao Museoan hirugarren aldiz antolatzen den erakusketa honen bidez hezkuntza-programa honek duen helburu nagusia sustatu nahi da, hau da: sorkuntza artistikoaren bidez ikasleak beren autoestimazioa eta garapen pertsonala handitzen laguntzea.

Programa hau Natalie Lieberman-ek sortu zuen 1970ean New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museum-ean, hiriko ikastetxe publikoetan arteak ezabatu zituztenean. Programa honen bidez artistak ikastetxeetara joaten dira bertako ikasleekin batera elkarlanean aritzera. Jarduera artistikoen bidez Lehen Hezkuntzako eskola-curriculumaren ikasgaiak indartu egiten dira, aldi berean haurrek beren obraren nahiz besteenaren aurrean errespetu handiagoa garatzen lagunduz. 1998an, Guggenheim Bilbao Museoak EAEko hezkuntza-sistemaren premia eta ahalbideetara egokitu zuen Artea ikasbide. Programa bakoitza bakarra eta pertsonalizatua da, ikasleen interesei eta premiei erantzutearren eta beren gaitasunak lantzearren, eta curriculumaren edozein arlo barne har dezake.


Gainera, tailer hauek oso eraginkorrak dira ikaskuntza sendotzeko, jarduera artistikoen bidez ikastearen aldeko jarrera indartu egiten baita ikasleen artean. Sorkuntzaren prozesuan parte hartuz, hiztegia eta trebetasun berriak lortzen dituzte, esate baterako proiektu bat planifikatu eta aurrera eramatea amaitzeraino, talde-lanean aritzea eta ikuspegi kritiko batez pentsatzea. Horrela, ohiko irakaskuntza-metodoei jarraituz ikasteko zailtasunak izan ditzaketen ikasleen beharrei erantzuteko aukera bat eskaintzen baita.

2000-1 ikasturtean zehar, Artea ikasbide programa Euskal Autonomia Erkidegoko sei ikastetxetan burutu da, hogei astez. Ikastetxeetan tailer artistikoak antolatzen dira astean behin, argazkia, pintura, eskultura, bideoa edo musika lantzeko, eta ordu eta erdi irauten dute. Programan parte hartzen duten artistek, Julio Hernández, Roberto Landeta, Iratxe Larrea, Manu Muniategiandikoetxea, Mercedes Périz eta Nerea Zapirainek hain zuzen, dagokien irakasleekin batera, funtsezko zeregina betetzen dute ikasleen lana bideratuz eta dinamizatuz, bai eta sorkuntza artistikoaren inguruko pentsamendu kontzeptuala eskola-curriculumaren gai zehatzetan aplikatuz. Ikasturte honetan zehar, besteren artean, Matematikaren arloko ikasgaiak landu dira -geometria eta neurketa-sistemak esate baterako- bai eta Ingurunearen Ezagutzari dagozkionak ere -bost zentzumenak esate baterako.

2000-1 ikasturtean parte hartu duten ikastetxeak:

  • Laudioko Lamuza IP, Araba
  • Zestoako Herriko Eskola, Gipuzkoa
  • Basauriko Calderón-Lope de Vega IP, Bizkaia
  • Aramaioko San Martín IP, Araba
  • Pasaia San Pedroko Virgen del Carmen IP, Gipuzkoa
  • Zeberioko Zubialde IP, Bizkaia

 

Partekatu