Artea ikasbide 2008
2008.06.17 - 2008.08.24
Urteko erakusketa
Ikasturte osoko lana Guggenheim Bilbao Museoan egiten den erakusketa batekin amaitzen da. 103 B aretoan bisitariak harrituta geratzen dira irudimenaren, ahaleginaren, dibertsioaren eta ikaskuntzaren ustekabeko konbinazioa ikustean. Ikusleek 6 eta 12 urte bitarteko artista hauen begirada originala ez ezik dituzten ikuspegi anitzak bezain iradokitzaileak topatzen dituzte bertan. 184 artista areto berean bilduta! Litekeena da parte-hartzaileek betiko gogoan izatea eurek izan zirela Museoan erakusketa bat egin zuten artista gazteenak eta milaka pertsonak behatu zituztela euren artelanak.
Historia
Learning Through Art programa New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museoan sortu zen. 1970ean, Natalie K. Lieberman mezenasak jarri zuen abian hiriko ikastetxe publikoetan arteen irakaskuntza kendu zutela ikusita.
1998an, Guggenheim Bilbao Museoak Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoen premia eta interesetara egokitu zuen programa hau, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren lankidetzari eta BBKren babesari esker.
Harrezkero, Artea ikasbide programak arrakasta handiz jarraitzen du aurrera Euskal Herrian, bai pedagogiaren bai artearen ikuspegitik. Urte hauetan guztietan Lehen Hezkuntzako ziklo guztietako milatik gora eskola-umek eta ehun bat irakaslek parte hartu dute bertan.
Metodologia
Ikasleek era askotara ikasten dute: entzunez, behatuz, hitz eginez, antzeztuz, sortuz. Sortze-prozesuan parte hartzen dutenean egiten dute hori guztia eta, gainera, ikuspegi kritikoaz pentsatzen edo proiektu bat planifikatu eta amaitu arte garatzen ikasten dute. Programa honek curriculum arloen artean dauden bereizketak desegiten ditu eta mundua sormenez eta beren kabuz begiratzera animatzen ditu haurrak. Artea errealitatea ezagutu, arakatu eta ulertzeko tresna bihurtzen da.
Gainera, ikasleek mintzamena eta idazmena hobetzen dute, eta norbere artelana eta besterena errespetatzeko gaitasuna garatzen dute. Kontuan izanik ikasleek ikasteko garaian adikorrago agertzen direla arte-jarduerak eginez, tailer hauek oso eraginkorrak izaten dira metodo tradizionalei jarraitzeko zailtasunak izaten dituzten ikasleentzat. Tailerrak —argazkilaritza, pintura, eskultura, bideoa, musika, arte digitala edo artearen beste edozein arlo— astean behin ematen dira ikastetxean, ordu eta erdiko saioetan, eta 20 astetan zehar.
Irakasleak
Lortu nahi diren helburuak eta bultzatu nahi diren gaitasunak eta trebetasunak irakasleek identifikatu ondoren, artistak eta Museoko hezitzaileak unitate didaktikoetan integratzen diren tailer batzuk asmatzen dituzte. Programa bakoitza bakarra eta pertsonalizatua da, ikasleen interesak eta trebetasunak garatzearren, eta curriculumaren edozein arlo sendotu dezake.
Ikasgelan funtsezkoa da artistaren eta irakaslearen arteko elkarlana, bata bestearen zereginean lagungarri eta indargarri direlako. 2007-2008 ikasturtean, hamahiru irakaslek gogo handiz egin zioten harrera beren ikasgeletan Artea ikasbide programari. José Miguel Amenabar, Estibaliz Asurmendi, Ana Barandika, Isabel Bizkarguenaga, Pepa Cadiñanos, Arantza Eriz, Aimar Goitia, Amaia Landa, Eneko Maleta, Itziar Naberán, Ramón Padilla, Eduardo Rodríguez eta Benedicto Ruiz izan dira irakasle horiek.
Artistak
Artistek funtsezko zeregina betetzen dute ikasleen lana dinamizatzen, eta sorkuntza artistikoaren pentsamendu kontzeptuala eskola-curriculumaren ikasgai zehatzetan aplikatzen lagunduz. Inés Cárcoba, Alex Carrascosa, Ibón Garagarza, Iñaki Gracenea, Julio Hernández, Aiora Kintana, Maider López, Manu Muniategiandikoetxea, Mercedes Périz eta Jorge Rubio ikastetxeetara joaten dira eta euren proposamenak planteatzen dituzte.
Dena den, haurrak dira abentura sortzaile honen benetako protagonista. Harridura, ilusio eta energi iturri agortezina direnez, berriro asmatzen dituzte proposamenak, oso konponbide bereziak eta ustekabekoak aurkituz. Horrexegatik, artistek badakite euren zeregina dela haiek bidaia horretan barrena gonbidatzea, azken helmuga zein izango den jakin ez dakitela. Hala, Artea ikasbide programa abentura desberdina izaten da urtero.
Ikasleak
Haurrak bide berrien esploratzaile bihurtzen dira. Objektu berezi eta bakarrak egiten gozamen hartzen dute eta harro erakusten dizkiete besteei sortze-lanean egin dituzten aurkikuntzak. Gainera, tailerretan talde-lana eta komunikazioa bezalako trebetasunak garatzen dituzte.
2007-2008 ikasturtean hauexek izan ziren parte hartu zuten artistak: Gabriel Arestiko 2. mailakoak (Bilbo), Zaldibarko 2. mailakoak, San Ignacioko 6. mailakoak (Bilbo), Mujika-Solokoetxeko 6. mailakoak (Bilbo), Karmeloko 4. mailakoak (Bilbo), Basozelai-Gazteluko 2. mailakoak (Basauri), Kurtzebarriko 2. mailakoak (Aretxabaleta), Katalin Erausoko 5. mailakoak (Donostia) eta San Prudencioko 4. mailakoak (Vitoria-Gasteiz).
Beraz, bederatzi ikastetxe eta 184 ikasle guztira.