Chillida: 1948–1998
1999.04.20 - 1999.09.12
Eduardo Chillidaren (Donostia, 1924–2002) eskulturak dira bizirik dirauten artista espainiarren artean garrantzitsuenak. Artista honen 75 urtemuga dela-eta, Guggenheim Bilbao Museoak Espainian Museo batek artista honi buruz antolatzen duen lehenengo atzera begirako erakusketa antolatu du. Erakusketaren komisaria Kosme de Barañano Irakaslea da; Kosme de Barañano jaunak, 1992an Donostiako Miramar Jauregian, Chillidaren jaioterrian hain zuzen, artistaren atzera begirako erakusketa bat antolatu zuen.Eduardo Chillidaren lanek mundu osoko Museoetan du ordezkorik, hala nola, Alemaniako museotan (Mannheim, Berlin, Frankfurt, Düsseldorf, Münster, eta abar) Suitzakoetan (Basilea, Zurich, Geneva, Winterthur, eta abar) eta Estatu Batuetako museoetan (New York, Houston, Dallas, Washington D.C., Chicago, Pittsburg, eta abar).
Chillidaren lana artearen historialariek eta museo desberdineko zuzendariek aztertu dute, baita hainbat olerkarik (Octavio Paz, Gabriel Celaya, José Ángel Valente, Jacques Dupin, Claude Esteban, Edmond Jabes, Yves Bonnefoi, eta abar) eta zenbait filosofok ere (Gaston Bachelard, Martin Heidegger, Rene Thon, eta abar).Gainera, Chillidak mundu osoan zehar ikus ditzakegun lan publikoak egin ditu. Artista honen hainbat lan ingurune irekietan kokatzen dira bertako paisaiarekin elkarreraginean. Beste batzuen artean: Donostiako Haizearen Orrazia (El peine del viento), Gernikako Gure Aitaren Etxea, Frankfurt-eko Goethe-ren etxea (La casa de Goethe), Sevillako Tolerantziaren aldeko monumentua (Monumento a la Tolerancia), Gijongo Zeruertzaren gorazarrea (Elogio del Horizonte), edo etorkizunean Fuerteventurako uhartean gauzatzear dagoen Tindaya Mendirako proiektua.
Guggenheim Bilbao Museoan ikusgai izango den atzera begirako erakusketa, Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofía-koa baino zabalagoa da, 200 lan gehiago aurkezten baitira; erakusketan 1946tik gaur egun arte artista honek egindako lanak daude ikusgai, hau da artistaren sorkuntzazko ibilbildearen 50 urte biltzen dira, non landu dituen genero desberdinak aurkezten zaizkigun, hala nola: eskultura eta marrazketa. Aukeratu diren lanen artean, artistak erabili dituen material guztietako eta izan dituen etapa guztietako lanak ditugu, eta lau atal desberdinetan antolatu dira:
Pisu handia duten piezei eskainitako atala. 11 tonarainoko pisua duten eskulturei eskainia, izan ere hau da Guggenheim Bilbao Museoaren aretoek onartzen duten pisu-muga. Hori dela-eta, altzairuzko hainbat pieza ezin izango dira erakutsi. Beste bat artistak "lurrak" izenez bataiatu zituen txamotaz egindako lanak erakusten ditu, bere ekoizpenaren atal garrantzitsua diren aldetik. Grabitazioak izenez ezagunak diren paperezko edo paper gaineko lanak erakusten dituen hirugarren bat. Azkenik, Chillidaren marrazkiak. Chillidak egindako 100 marrazki aukeratu ditugu; multzo honek biltzen ditu, arkatzez edo tintaz egindako trazuak eta markak, baita guraizeekin ebakiak eginez edo collage-an oinarritutako lanak. Aukeratu ditugun 100 lanekin mundu itxi bat sortu nahi izan dugu, lan desberdinez osatutako mundu itxia eta ez prestakuntza-marrazki edo ohar xumeak. Erakusketaren barruko erakusketa honen bitartez, kontserbazioa eta argiztapena alde batera utzita, Eduardo Chillidaren mundu bisualaren irakurketa bikoitza egitea lortu nahi da, Chillidaren pentsamendu bisualak mendebaldeko munduko Artearen Historiaren inguruan planteatzen dituen oinarrizko kontzeptuak aztertuz. Horrez gain, zintzilik dauden paperak, grabitazioak deitzen dituenak, Chillidaren eskulturen artean sailkatu ditugu, alegia, lan hauek paperean egindako erliebeak direla ulertzen dugu, eta ez marrazki soilak. Zentzu honetan, erakusketa honen helburua ez da artistaren lanaren biografia ezagutzera ematea soilik, baizik eta Chillidaren pentsamendu bisualak zalantzan jartzen, berplanteatzen eta suspertzen dituen oinarrizko kontzeptuak azaltzea, hau da, aipatu oinarrizko kontzeptuei forma berria ematen die. Chillidaren lanetan ez da planteatzen modelatuaren, errepresentazioaren edo adierazpenaren inguruko arazorik; Chillidak alderdi meta-fisikoak planteatzen ditu, edo bestela esanda, muga, ezereza, espazioa eta eskala bezalako kontzeptuak formulatzen ditu (materiarekin). Kontzeptu horiek guztiak elkarren artean erlazionatuta daude, eta kontzeptuak adierazteko erabiltzen den materiara lotuta egoteaz gain, lana ikustera gerturatzen den pertsonarekin ere erlazionaturik daude (posizioa, pathos edo sentikortasuna, eta ukimena).
Chillidaren lana osotasunean hartuta, nolabaiteko adin desberdinen sailkapen kronologikoa egin dezakegu, eta adin desberdinak, lanerako material jakin bat erabili izan duelako bereizten ditugu. Hastapenetatik, igeltsoz egiten zituen lanetatik hasita, lur txamotetan egindako lanetara, hasieran irudi txikiak modelatzeko saiakeretatik espazio publikoak antolatzera, 1948ko lehenengo zalantza eta proiektuetatik, gaur egun arte, Chillidak ibilbide luzea egin du, sufrimenduz eta gozamenduz betea, burdina, altzairua, zura eta alabastroaz hasi eta, hormigoiz eta lurrez osatutako ibilbidea eginez. Horrekin ez dugu esan nahi beste materialik ezagutzen ez duenik: 1951n, berunez egindako erliebe bat landu zuen, eta 1958an brontzezko lan bat egin zuen, 1962an, berriz, marmola erabili zuen, baita granitoa ere. Esploratze hau, hots material desberdinak erabiltzea, beti erliebetan egin du Chillidak. Chillidaren lan grafikoan ere, akuaforte, xilografia eta litografia desberdinen artean, zenbait serigrafia, punta lehor eta urtinta aurkituko dugu, baina artista honek sortutako lan grafikoa oso zabala izanik ez dugu atal hori erakusketa honetan bildu.Hala ere, erakusketa honetan sorkuntza-prozesuak, artistaren ekoizpen-moduak aztertu daitezke, eta bide batez, artearen historian erabili izan diren teknika artistiko desberdinen errepaso entziklopedikoa egin dezakegu. Chillidak klasikoak ez diren materialak landu ditu (hain zuzen, brontzea eta marmola ez dira bere lanean askotan erabiltzen dituen materialak), gure mendeko material berriak landu ditu, hala nola altzairua edo hormigoia, laztan eta modelatu klasikoarekin landu ere. Material horien arabera, artista honen lan plastikoaren nolabaiteko sailkapena egin daiteke, nahiz eta begibistakoa ez izan.
Chillidaren lana aztertzeko edo ezagutzeko, hobe da ekoizpen-moduei jarraitzea lantzen dituen gaiei baino. Hastapenetatik errepikapenean eta serie desberdinetan oinarritutako eraikuntza edo esperimentazioa ikus daiteke. Zenbait serie artistaren bizitzako une berezi batzuekin daude lotuta eta urte batzuen barna edo hilabete jakin batzuen barna hedatzen dira; beste zenbait serie, berriz, artistaren bizitzan barna etengabeko ibilbidea egiten dute, beste zenbait serie noizean behinka azaltzen dira, alegia, artistaren bizitzan une jakin batzuetan azaldu eta desagertu egiten dira. Horrela, motibo bat nola sortzen den ikus dezakegu, baita etengabe dituen eraldaketak, baita artistak materiarekin jarduteko duen modua behin eta berriro aldatzen dela ere. Zentzu honetan ezin daiteke esan Chillidaren lanean errepikapenak aurkituko ditugunik, ikertzeko helburua ezereztatuz, ezta artistaren keinua birtuositate teknikora murrizten denik ere. Berak dioen bezalaxe: Sekula ez da nahikoa ezagutzen beraz, ezagun zaigun horretan ere arrotzik ere badago, baita horren deia ere.
Erakusketaren komisarioa: Kosme de Barañano
Eduardo Chillida
Izpirituarentzako espazioa (Espacio para el espíritu), 1995
Granito arrosa
173 x 85 x 91 cm
Guggenheim Bilbao Museoa