Ezezagunak. Euskal Herriko arte garaikidearen kartografiak | Guggenheim Bilbao Museoa
Iragandako erakusketa

Ezezagunak. Euskal Herriko arte garaikidearen kartografiak

2007.07.06 - 2007.09.23

Ezezagunak erakusketan hainbat sistema grafiko egon ziren ikusgai, Euskal Herriko arte garaikidearen interpretazioa egiteko gertaera eta iradokizun antropologikoak bildu zituztenak. Erakusketa, beraz, saiakera kartografiko bat da: faktoreak, aldagaiak, erreferentziak, egileak, lanak, inpresioak, dokumentuak, lekuak eta gertakari esanguratsuak, elkarreraginak, gorabeherak eta iradokizun antropologiko eta estetikoak antolatu ziren etorkizuneko garapenak igartzeko. Euskal Herriko testuinguruan, artistaren sotiltasunetik, intentsitatetik eta konplexutasunetik zerbait transmititu nahi izan zuen; belaunalditik, estilotik eta ideologiatik zerbait; artista sortzen den testuinguru nahasitik zerbait.

Artista bizidunak une erabakigarri bateko protagonista aktiboak dira, hain zuzen ere, mundu modernotik mundu garaikiderako iraganbide baitira: industria-ekoizpenaren garaitik zerbitzu-kudeaketaren garaira, tokitasunaren garaitik globaltasunaren garaira, ideologiatik ekonomiara, mitologiatik informaziora, linealtasunetik konplexutasunera, iraganetik etorkizunera... Horregatik, belaunaldi-muga horren erakusketa da.


Ezezagunak Euskal Herriko erakusketa-saiakera bat izan zen, arte garaikidearen kartografia bat, 2007ko apiriletik ekainera bitartean Juan Luis Moraza artistak Guggenheim Bilbao Museorako egindakoa. Horretarako,  2007ko maiatzean lau belaunaldietako (1945 aurretik jaiotakoak, 1946 eta 1960 bitartean jaiotakoak, 1961 eta 1975 bitartean jaiotakoak eta 1976tik aurrera jaiotakoak) artisten artean egindako galdeketa zehatzetik lortutako datuak kontuan hartu zituen.

I. EUSKAL ESKOLA. Nortasunaren sorrera

XX. mendearen lehenengo erdian Balenciaga, Lekuona eta Oteiza izan ziren euskal abangoardiaren ikur, gerrate zibilak eta diktadurak eragin handia izan bazuen ere: erbesteratzeak eta haustura konponezinak. Oteizaren itzulerak eta Oiza arkitektoarekin batera Arantzazuko basilikaren proiektua abian jarri izanak (1950etik aurrera) artista gehiagoren bat egitea ekarri zuen berarekin: Basterretxea, Pascual de Lara, Agustín Ibarrola, Chillida eta azkenik Lucio Muñoz. Horrela, estilo-erregistro berezia sortu zen, 1966an "Euskal Eskola" izena hartu zuena: GAUR, EMEN, ORAIN "taldeak" abangoardia artistikoa giltzatzeko saiakera izan ziren, Francoren aurkako borondate politiko argiarekin eta nazio-aldarrikapenak eginez.

(x) krisialdia / heterogeneotasuna / dekonstrukzioa

ETAren V. eta VI. biltzarren artean, bide militarra hartu eta 1968an heriotza eragin zuen lehenengo atentatua, industriaren krisia, indarkeria eta errepresioa frankismoaren azken garaietan... artisten belaunaldi berriaren sorrerarekin batera gertatu ziren. Hauek abangoardiaren eta politikaren aldeko joera handia hartu zuten, baina nortasun nazionalaren bilaketatik at eta ikuspegi autokritikoagoarekin. 1972an Iruñeko Topaketa ospatu zen, eta Euskal Herriko testuinguruan nazioarteko abangoardia zuzenean ezagutzeko modua eman zuen. Artista berrien artean interes berriak sortu ziren eta ikuspegi osokoagoa eman zien. Interes berri horien eraginez sortu ziren SUE (1969), Indar (1970), Ikutze (1973), Pamplona Ciudad (1976), EAE (1980) taldeak, abangoardiako arrazoi estetikoari arreta handiagoz begiratzen ziotenak, eta hala, errealitatearen aurrean posizio kritikoagoa hartzera bultzatzen zituen. Belaunaldi-aldaketa honetan izandako funtsezko beste gertaera bat 1970ean sortutako Bilboko Arte Ederren Goi Mailako Ikastetxea izan zen, 1979an Arte Ederren Fakultate bilakatu zena. Ikastetxean belaunaldien arteko topaketa gertatu zen, eta kanpoaldeko informazioaren beharraz jabetuta, aurreko interesekin bat egin eta sormen artistikoak sakonean eraldatu ziren. Hori ongi nabarmendu zen 1970eko hamarkadan eta 1980koaren hasieran izandako erakusketetan.

Francoren heriotza, trantsizio demokratikoa, irekitasunak... nazioarteko testuinguru artistikoaren informazioa geroz eta handiagoa egin zuen, baita proposamen estetikoak sakonagoak izatea ere.

II. EUSKAL ESKULTURA BERRIA.

Kanpokoarekin identifikatuz 68ko belaunaldiko arragotik 1978koa sortu zen, arte kontzeptualaren eta minimalismoaren indarra hartu zuten artista berriak: mugimendu modernoen eta bereziki Euskal Eskolaren postulatu estetiko eta ideologikoak krisian utzi zituzten. Dena den, estatuan eta nazioartean izan zuen agerpena Autonomien Estatuarekin lotura zuen klimarekin batera gertatu zen. Autonomia horiek legitimitate kulturalaren beharra zutenez, agente kulturalek eskualdeetako belaunaldien sorrera berretsi zuten: Galiziako Arte Berria, Valentziako Eskultura Berria, Andaluziako Arte Berria, eta espezifikoki Euskal Eskultura Berria, Bartzelonan (Sala Metronom, 1985) egin zen Mitos y delitos (Txomin Badiola, Angel Bados, J,R.S. Morquillas, eta CVA -Mª Luisa Fernández eta Juan Luis Moraza) erakusketan sortutako izena; kanpoan ezagutzeko izen hori ez zetorren ordezkari horien interes eta helburu dekonstruktiboekin bat.

(y) aniztasuna / normalizazioa / nazioartekotzea

1987an ARTELEKU (Prestakuntza eta Produkzio Zentroa) inauguratu zen Donostian, Euskal Herriko Unibertsitatean ikasitako artista berrien belaunaldiaren prestakuntza osatzeko asmoz. Bertan, aurreko belaunaldiko artista gazteek transmisiorako gune paregabea dute. Gizartean eta ekonomian gertatu diren aldaketek, industriaren behin betiko desartikulatzea eta zerbitzuen indarraldiak, Guggenheim Bilbao Museoa ireki izanak eta hirigintzan eta finantzetan izandako aldaketak, kulturaren kudeaketarako egitura berriak sortu izanak, trukerako erraztasunak, artistek atzerrian egindako egonaldiak luzatu izanak... artista berriei ikuspegi berriak eskaini zizkieten, poliki-poliki normalizaziora eta nazioartekotzera jotzeko.

 

Ezezagunak. Euskal Herriko arte garaikidearen kartografiak

Partekatu