Henri Matisse
2002.10.02 - 2003.02.02
Hildy eta Ernst Beyeler galeriazaleek, berrogeita hamar urte baino gehiago igaro dute europar kontinentean den bildumarik preziatu eta ikusienetariko bat sortzen. xx. mendeko arteari eta arte modernoko klasiko handiei zuzenduriko begirada hau, Basilea deritzan suitzar hirian da ikusgai 1997. urtetik, Renzo Piano arkitektoak eginiko eraikinean. Guggenheim Bilbao Museoak, Fondation Beyeler-ekin izandako elkarlan bereziari esker, xx. mendeko sortzaile handienetariko baten hiru artelan aipagarri aurkezten dizkigu: Henri Matisse artistarenak, alegia.
Artelan hauek, artistak ia 80 urte zituela eta egoera fisikoa oso eskasturik zuela eginikoak dira. Hauetariko batek, Iratze beltza duen barrualdea (Intérieur à la fougère noire) 1948ko udaberrian eginikoak, koloreen perspektibarekin hausten du. Hau izango litzateke, artistak pintzela gorde aurreko azken pinturetarikoa; gerora, kolorezko paperak eta guraizeak izan baitzituen lanabes. Bi urte lehenago, bere Parisko estudioan, Tahitiko flora eta fauna inspirazio-iturri izan zuten bi artelan garrantzitsu egin zituen. Horretarako découpage teknikaz (ebakiriko paperen teknikaz) baliatu zen; hosto, alga, lore, hegazti eta arrainen moldeak itsatsiz zuzenean hormetan. Hortik sortuak dira 1946–47an, Ozeania, zerua (Océanie, le ciel) eta Ozeania, itsasoa (Océanie, la mer) artelanak. Euskarritzat hondar koloreko mihisea duten bi serigrafia hauek, Matissen estudioko hormen kolorea eta artistak bidaia horretan izandako ikusmen-esperientzia bizia gogorarazten dituzte.
Henry Matisse
Ozeania, zerua (Océanie, le ciel), 1946/7
Serigrafia liho gainean
173 x 364 cm
Fondation Beyeler, Riehen/Basilea