in situ: Igshaan Adams
Laster ikusgai

in situ: Igshaan Adams. Hautsa arrotzen: Gorputzaren artxiboa

2026.05.05 - 2026.11.01

Igshaan Adams (Lurmutur Hiria, 1982) artistaren diziplina anitzeko lanak gai pertsonalak eta politikoak uztartzen ditu materialaren, keinuaren eta formaren bitartez. Bonteheuwel-en igaro zuen haurtzaroa —apartheidak eragindako bereizkeriak taxututako komunitate batean—, eta garai hura inspirazio-iturri hartuta, Adamsek soka, bihiak eta alanbrea bezalako material xumeak erabiltzen ditu konposizio konplexuen bidez arrazaren, erlijioaren, sexualitatearen eta memoriaren arteko loturak aztertzeko. Bere lanak intimitatea eta deserrotzea ere aditzera ematen ditu, etxeetako linoleozko zoru estanpatuek ezaugarri dituzten motibo geometrikoak abstrakziora eramanda.

Lanik berrienetan, Adamsek bere ikerketa zabaldu du mugimendua sakonagotik arakatu ahal izateko. Hego Afrikako Ipar Lurmutur probintzian dagoen O’okiep hiriko —hau da, amaren aldeko familiaren sorlekuko— Garage Dance Ensemblerekin aurrera eramaten ari den lankidetzak ehungintzaren eta dantzaren arteko elkarrizketa berri bati bidea irekitzeko aukera eman dio artistari. Dantzariekin egindako tailerren bidez, Adamsek prozesu bat asmatu du: dantzarien gorputzak linoleo margotuen gainean jarritako mihiseen gainetik mugitzen dira, eta mihiseok liberazioaren eta konexioaren keinu kolektiboak erregistratzen dituzte “dantza-arrastoak” sortuta. Bata bestearen atzetik egindako dantzasaioetan gainjarriz joan diren arrastoak dira, elkar aurkitzearen partitura bisual modukoak: “aztarna psikiko metatu eta sedimentatuak askatzeko” saialdien arrastoak, artistaren hitzetan.


Guggenheim Bilbao Museoan aurkeztutako lanek 2024an Atenasen egindako performanceetan dute jatorria. Haietan egindako monotipietatik abiatuta, Adamsek tapiz-sail bat sortu du; eskala handian daude ehunduta, eta espazioan esekita kokatuko dira, ikuslea haien inguruan eta tartean mugitu ahal izateko. Batzuk ehuna kanporantz okertzen duten kakoetatik egongo dira zintzilik, tapizaren bi aldeak agerian utzita; beste batzuk, berriz, ehundutako “hodei” txikiekin batera agertuko dira, nonbaitetik askatu eta airean hara-hona dabiltzan kolore- eta mugimendu-txatalak balira bezala. Ludikoa bezain solemnea den instalazioak mamitu egiten ditu indar ikusezinak —oroimena, erritmoa, enpatia—, eta ehutea bera erreparaziorako praktika korporal eta komunitario gisa proposatzen du.

Aretoak: 204, 208
Komisarioa: Lekha Hileman Waitoller

Igshaan Adams
Within grid lines (Lauki-lerroen artean), 2025
Kotoizko haria, poliester txirikordatua, polipropilenozko soka, metalezko,
harrizko, kristalezko, zurezko eta plastikozko aleak,
kotoizko eta zetazko oihala, angorazko artilea, kotoizko puntilla,
zetazko zinta, zilarrezko katea eta tigre-isatsezko alanbrea
495 x 587 cm
Artistaren, Thomas Dane Gallery-ren eta blank projects-en oparia
© Igshaan Adams