Pintura, 20 de noviembre | Pierre Soulage | Guggenheim Bilbao Museoa
Iragandako erakusketa

Informalismoa eta Espresionismo Abstraktua Guggenheim Bildumetan

2005.03.08 - 2005.11.06

Aurkezpen hau Guggenheim Bilbao Bildumaren ardatz nagusietako bat izan zuen gai: gerra ondoko AEBko artearen eta Europako artearen arteko  lotura.

1945. urte inguruan, Europan eta Amerikako Estatu Batuetan sortutako margolari-talde batek modernotasun plastikoaren aldi erabakigarri bati eman zion bide adierazpen-aniztasunaren bidez. Modernotasun plastiko hark, Informalismo edo arte informal izena hartu zuenak, esperientzia abstraktuz osaturiko eremu zabala hartzen zuen barne.


Europan, filosofia existentzialistaren babesean eta Bigarren Mundu Gerraren eragin traumatikoen eraginpean, artistek pinturari heldu zioten berriro. Pintura-mota hartan, aurreko abangoardietan nabarmentzen ziren utopia-gakoei eta esperimentazioari, adierazpenaren mestizajea eta sintesia gailendu zitzaizkien. Pintura informalistak humanismo klasikoaren azken oinarriak apurtu zituen, baita pintura-printzipiorik esanguratsuenak ere: forma, tonu-harmonia, oreka, proportzioak, unitate-konposizioa eta egituraketa zentralizatua. Bien bitartean, Amerikako Estatu Batuetan arteak keinuan eta adierazpenean oinarritutako pintura-estilo bateranzko bilakaera izan zuen, gehienean Espresionismo Abstraktu gisa deskribatu izan dena. Mugimendu honen baitan sartzekoa da ekintza-pintura. Pintura-mota honi espresionisten heroismo subjektibotik hartutako ezaugarri adierazkorrak surrealisten idazkera automatikoaren teknikarekin konbinatzetik datorkio izena, eta Willem de Kooning da ordezkari nagusietako bat.

Espresionismo Abstraktuko beste zenbait artistek koloretako plano handiak erabiltzen zituzten egoera espiritual jakinak gogora ekartzeko. Koloreetako esparruak margotzen zituzten edo "isiltasunaren" margolari ziren artista hauentzat, hala nola Mark Rothko-rentzat, mezua meditazio-jarduera baten, lirismo eta espiritualtasun sakonaren ondorio zen.

Aurkezpen honen atal nagusietako bat mugimendu horiei loturiko artisten marrazki, bozeto eta obra grafikoaren azterketan oinarrituta egon zen, artista horien paper gaineko obra ildo figuratibo tradizionalak espresionismo abstrakturantz izan zuen transformazioaren funtsezko faktoretzat hartzen baitira.

 

Pierre Soulages
Pintura, 1956
Olio-pintura mihise gainean
195 x 130,2 cm

Partekatu