Transmisio aldaketa | Kenneth Noland | Guggenheim Bilbao Museoa
Iragandako erakusketa

Kolore-eremu pintura

2006.06.20 - 2007.03.11

American Abstract Expressionists and Imagists ("Espresionista abstraktuak eta irudi-egile estatubatuarrak") izeneko erakusketa aurkeztu zuen 1961ean Solomon R. Guggenheim Museum-ek. Erakusketak garai hartako joera artistikoak aztertu zituen eta agerian utzi zuen New Yorkeko Eskolan antzematen zen aniztasuna, ekintza-pinturak ezaugarri duen keinuzko pintzelkadaren erabileratik harantz zihoana. Ondoren beste hainbat erakusketa izan ziren, tartean, 1964ko Los Angeles County Museum of Art-en Post-Painterly Abstraction ("Abstrazkio postpiktorikoa)", Clement Greenberg komisario izan zuea, eta 1966an New Yorkeko Guggenheim Museoan Lawrence Allowayk egindako Systemic Painting ("Pintura sistemikoa").

Erakusketa haietan, Kolore-eremu pintura erakusketan aurkeztetutako zazpi artisten lanak jarri zituzten ikusgai, 1950eko hamarkadaren bukaeran Espresionismo Abstraktuaren kontra lanean ziharduten beste artista batzuen lanekin batera. Abstrakzioa beste bide batzuetatik eramaten ari ziren artistak haiek, panorama artistikoan Pop Arte amerikarra nagusitzen ari zen arren.


Greenbergen 1964ko erakusketak 31 artista bildu zituen, estiloan elkarren antzekoak zirenak. Artista haien lanen "argitasuna eta hedapena" eta kolore bizien nagusitasuna agerian utzi zituen, eta definizio zabalak erabili zituen Greenbergek, sarritan izenik ere ez zuten joerak elkarrekin lotzeko. Pigmentuak mihisearen eremu zabalen gainean, eta zenbaitetan mihisea osorik estaliz, aplikatzen zituzten artistei "kolore-eremu pintoreak" deitzen zitzaien batzuetan. Haien obretan nabaria zen pintura-gainazalaren lautasuna eta gaiaren eta funtsaren arteko bereizketarik eza. Efektu hori lortzeko, artista haiek soak-stain izeneko teknika berezia garatu zuten, hots, mihisea kolorez blaitzea pintura xurgatu arte.  Helen Frankenthaler hasi zen 1952an teknika hori erabiltzen. Inprimaziorik gabeko kotoizko oihala ur askorekin diluitutako pintura akrilikoz bustitzen zuen, eta horrela lortzen zuen gainazal aberatsa eta saturatua.

Mihisearen zuntzetan sartzen den tinduaren antzera erabiltzen zuten pintura, pintzelarekin gainazalean aplikatu beharrean; kolorearen bidez bat egiten zituzten forma eta funtsa. Pintzelak erabili ordez, artistek isuri, busti edo zipriztindu egiten zuten pintura mihisearen gainean —Espresionismo Abstraktuaren bereizgarri izan zen keinuzko pintzelkada baztertuz—. Teknika horren adibideetako batzuk ditugu Jackson Pollock eta haren pintura-jario berezia, baita Willem de Kooning eta haren pintzelkada sutsua ere.

1953an Louis Morris bisitan joan zen Frankenthalerren estudiora, eta kolorea aplikatzeko artistak erabilitako teknika berezi horrekin egindako lehenengo pintura ikusi zuen bertan. Metodo hura bere hizkuntzara eramanez, Louisek pigmentu diluitua aplikatu zuen tenkatu gabeko mihisearen gainean, pinturari gainazal inklinatuan zehar isurtzen utziz. Bere pinturak, kolore-zerrenda bertikal, zeharrargi eta ildaskatuez osatuak, Veil edo lausodura izenez dira ezagunak.

1980ko hamarkadaren erdialdera, Jules Olitski pintura-geruza diluituak aplikatzen hasi zen aerosola erabiliz, eta kolore-eremu jarraituak sortu zituen horrela. Kolore-eremu haiek mihisearen mugetatik harantz zabaltzen zirela ziruditen, Pollocken "mugarik gabeko" (all-over) pinturaren berrikuspen modura. Gene Davisen lerrodun mihiseek lerro bertikal errepikatuen erritmoak sortzen dituzte, tonu, intentsitate eta tarte desberdinak dituztenak. Kenneth Nolanek ere prestatuta ez dauden mihiseak orbantzeko teknika hori erabili zuen, baina kolorearen eta formaren arteko erlazioa landu zuen zirkuluetan,  cheuron formetan eta, gerora, ormatu desberdinetako mihiseetan oinarritutako lan sail batean. Nolanen lana, baita Larry Poonsena ere, Allowayren 1966ko erakusketan ikusi ahal izan zen. Azken horrek 1960ko hamarkadan egindako koadroek kolorez orbandutako eremuak zituzten eta zulatuta zeuden; aldi berean ordenatuak eta ausaz egindakoak ematen zuten.

"Pintura sistemikoa" terminoaren pean, Allowayk gai beraren inguruan bariazio horiekin esperimentuak egiten zituzten artistak bildu zituen, baita Jack Youngerman bezalako beste artista batzuk ere, askatasun handiagoaz lan egin arren kolore mugatu batzuekin lan egiten zutenak. Frank Stellaren forma simetrikodun mihiseak ere sailkapen horretan sartzen ziren. 1967an, Stellak Garraiatzailea (Protractor) sailean, kurba gehitu zuen, eta horrek bere lanean formaren eta kolorearen hizkuntza berritua eta gero eta eskala handiagoa erabiltzea ekarri zuen.

XX. mendean abstrakzioak hartutako bideen aniztasuna eta konplexutasuna biltzeko bokazio horretan oinarrituta, Solomon R. Guggenheim Museum-ek sortu ziren garaian bertan eskuratu zituen lan horiek, kolore-eremu pinturaren, pintura sistemikoaren, hard-edge pinturaren eta abstrakzio geometrikoaren beste adibide batzuekin batera, eta harrez geroztik 1960ko eta 1970eko hamarkadetako arteari eskainitako aurkezpenik adierazgarrienetan barne hartzen ditu.

 

Kenneth Noland
Transmisio aldaketa (Trans Shift), 1964
Akrilikoa mihise gainean
254 x 288,3 cm
Elaine eta Werner Dannheisserrek eta Dannheisser Foundation-ak egindako diru-ekarpenei esker eskuratua, 1981
Solomon R. Guggenheim Museum, New York

Partekatu