Zure mundua, zure hiria | Miquel Navarro | Guggenheim Bilbao Museoa
Iragandako erakusketa

Laborategiak: Bilduma Iraunkorrari begira. Miquel Navarro

2008.09.16 - 2009.01.11

Guggenheim Bilbao Bildumaren artelanak ezagutarazteko Laborategiak erakusketa didaktikoak abian jarri ziren. Egitasmo horren aurkezpen honetan Miquel Navarrok bere lana bestelako ikuspegi batetik aztertzeko aukera eskaini zigun: Zure mundua, zure hiria (Tu mundo, tu ciudad, 2003) lanarekin elkarrekintzan aritu ahal izan zen ikuslea, erakusketaren aldian garatutako jardueretan.

Miquel Navarro (Mislata, Valentzia, 1945) eskultura garaikidearen irudi berezienetakoen artean dago. Zure mundua, zure hiria asmo hezitzaile nabarmenarekin sortu zuen artistak; funtsezko premisak dira beretzat lanaren osagaiek eta publikoak duten elkarrekintza eta artelanaren izaeraren parte den etengabeko eraikuntza eta deseraikuntza prozesua. Navarroren hiriek ideiak alderatzeko espazioak sortzen dituzte. Bere ibilbide artistikoan, eskultorea ondoko gai hauen azterketa proposatzen aritu da: espazioaz dugun nozioa, lekuen eraikuntza eta gure gorputza, gizakia eta hiria alderatzeko, neurtzeko, tresna berezia baita. Paisaia eskultorikoak dira bere artelanak, hiri-ehunetan inspiratuak, eta hiriko paisaiaren esperientziaren tresna formal gisa jarduten duten arkitekturaren elementuez osatuta daude.


Berunezko, zinkezko eta aluminiozko hiri handi eta humanizatuak dira; horizontean zabaltzen dira eta egitura enblematiko gisa espazioa hartuz altxatzen diren dorreek bakarrik eteten dituzte. Navarrok pieza txiki aldakorrez osatutako hirien instalazio horietan ibiltzera gonbidatu gintuen, baita giza eskalaren nozioari buruzko eta errealitatearen eta adimenaren arteko desberdintasunari eta bat etortzeari buruzko gogoeta egitera ere. Gure gizarte industrialaren ordena eta desordena agerikoa da eskultura horietan, eta, horien bidez, Navarrok arkitekturaren eta eskulturaren arteko dialektikari buruz taxututako diskurtso konplexua laburtu eta aditzera eman zigun. Artistak esan zuen: "nire eskultura eskematikoenek ere, figuratiboak izateari utzi gabe, gizakiaren arrastoari jarraitzea ahalbidetzen dute".

 

Miquel Navarro
Zure mundua, zure hiria (Tu mundo, tu ciudad), 2003
Aluminioa
Kokapen zehatzeko neurriak
Guggenheim Bilbao Museoa

Partekatu