Harresi hiria | Miquel Navarro | Guggenheim Bilbao Museoa
Iragandako erakusketa

Miquel Navarro: Harresi hiria

2004.01.24 - 2004.05.23

Miquel Navarro (Mislata, Valentzia, 1945) eskultura garaikidearen irudi berezienetakoen artean kokatu da nazioartean. Harresi hiria, 1995–2000,  Guggenheim Bilbao Bildumarako eskuratu zen erakusketa baino lehenxeago, eta honetan jarri zen lehenbizi ikusgai. Eskultorearen lan adierazgarrienetako bat da, 1960ko hamarkadaren erdialdera pinturan eta marrazkian jardunez bere ibilbide artistikoari hasiera eman zion artistarena, alegia. 1973an bere lehenengo hirietako bat egin zuen, material anitzez baliatuz eta arkitekturak eraikiz eta aldaraziz.

Navarroren hiriek ideiak alderatzeko espazioak sortzen dituzte. Bere ibilbide artistikoan, eskultorea ondoko gai hauen azterketa proposatzen aritu da: espazioaz dugun nozioa, lekuen eraikuntza eta gure gorputza, gizakia eta hiria alderatzeko, neurtzeko, tresna berezia baita. Paisaia eskultorikoak dira bere artelanak, hiri-ehunetan inspiratuak, eta hiriko paisaiaren esperientziaren tresna formal gisa jarduten duten arkitekturaren elementuez osatuta daude.


Berunezko, zinkezko eta aluminiozko hiri handi eta humanizatuak dira; horizontean zabaltzen dira eta egitura enblematiko gisa espazioa hartuz altxatzen diren dorreek bakarrik eteten dituzte. Navarrok pieza txiki aldakorrez osatutako hirien instalazio horietan ibiltzera gonbidatu gintuen, baita giza eskalaren nozioari buruzko eta errealitatearen eta adimenaren arteko desberdintasunari eta bat etortzeari buruzko gogoeta egitera ere. Gure gizarte industrialaren ordena eta desordena agerikoa da eskultura horietan, eta, horien bidez, Navarrok arkitekturaren eta eskulturaren arteko dialektikari buruz taxututako diskurtso konplexua laburtu eta aditzera eman zigun. Artistak esan zuen: "nire eskultura eskematikoenek ere, figuratiboak izateari utzi gabe, gizakiaren arrastoari jarraitzea ahalbidetzen dute".

 

Miquel Navarro
Harresi hiria (Ciudad muralla), 1995–2000
Zinka eta aluminioa
Kokapen zehatzeko neurriak
Guggenheim Bilbao Museoa

Partekatu