Pertzepzio aldakorrak: Guggenheim Museoaren Panza Bilduma
2000.10.10 - 2001.04.22
Guggenheim Bilbao Museoak Pertzepzio aldakorrak: Guggenheim Museoaren Panza Bilduma erakusketa aurkeztu zuen. Erakusketa paregabe honetan 1960, 1970 eta 1980ko hamarkadetako arte-bilduma aipagarrienetako baten obrak aurkeztu zuen, hamarkada bat baino gehiago erakusgai jarri ez ziren obra batzuk barne direla. Erakusketa zabala izan zenez instalazio mailakatu bat behar izan zuen, eta arrazoi horregatik lehenengo eta hirugarren solairuak urrian zabaldu ziren jendearentzat, eta gainerako aretoak azaroan. Bildumako hogeita hiru artistaren ehunetik gora lanekin Museoaren espazio osoa hartu zuen Pertzepzio aldakorrak erakusketak, eta bildumagile gisa Panza senar-emazteen ikuspegia zein zen erakutsi zien nazioarteko ikusleei bai eta arte modernoaren norabidea aldarazi zuen artisten belaunaldi bateko obra berritzaileak ere.
Giuseppe Panza di Biumo eta Giovanna bere emaztea 1956an hasi ziren artea erosten; gaur egun, bildumagilearen fondo pribatuak barne direla, Panza Bildumak 2.500 obra baino gehiago ditu. 1966 eta 1975 urte bitartean, Panza bikoteak arte minimalista, kontzeptuala, postminimalista eta environmental art edo ingurugiro-arteko bilduma handienetako bat osatu zuten. Dagokion generoan gertaera gogoangarritzat hartu behar den erakusketa hau Solomon R. Guggenheim Foundation-en eta Panza bikotearen artean duela hamarkada bat hasitako harreman etengabearen emaitza oparoa da. 1991 eta 1992 urte bitartean, New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museum-ek bilduma paregabe honetako 350etik gora obra eskuratu zuen, erosketa eta dohaintza bidez, eta Panza bikoteak beste 335 obra gehitu dizkio, epe luzera maileguan utziz.
Bilduma Panza bikotearen adierazgarri eta bizi duen garaiaren erakusgarri da. Artearen bidez, kulturari eta existentziari buruzko egia soila adierazteko bidea aurkitu dute. Filosofian aditua den Panza doktoreak dioenez, berriz, biltzen dituen obrak areago doan ikerketa teoriko eta espiritualaren zati dira, esanahiaren bilaketa pertsonalaren alderdi integrala, alegia. Panza bikoteak funtsezko forma geometrikoak eta paleta monokromoa ezaugarritzat duten pintura eta erakusketa abstrakturako interes berezia erakutsi du. Atentzioa eman zieten lehenengo obrak Antoni Tàpies pintore espainolarenak eta Jean Fautrier artista frantsesarenak izan ziren. Pintura horiek gerra osteko Europak historiaren zamarekin izandako borroka islatzen dute, bai eta etorkizunaren aurrean sentitzen zen segurtasunik eza ere. 1957an, Panzak Franz Kline pintore iparramerikarraren obraren berri izan zuen aldizkari bateko artikulu baten bidez; berehala erreakzionatu zuen mihise haietan sumatu zuen energia hutsaren aurrean. Ondorengo urteetan zehar, Espresionismo Abstraktuaren eta Pop Artearen ordezkari ziren artista iparramerikarren obran oinarritu zen, Estatu Batuetako artearen ohiko optimismoa eta esperimentazioa islatzen zuten lanetan, hain zuzen. Panza di Biumok lehen aldiz 1966an agertu zuen arte minimalistarako interesa, Robert Morrisen pieza baten erreprodukzio bat ikusi ondoren. Robert Morrisen eskultura sinpleak material arruntez eginak daude eta horrek Panzaren espiritu garaikidearen arreta piztu zuen bai eta forma sinple eta murriztuetarako interesa ere.
Bilduma artearen historiari dagokion aldi probokagarri eta aitzindari baten erakusgarria da. Erakusketan ikusgai egon ziren obrak gure garaian itzal handia izan duten artistek eginak dira: Carl Andre, Larry Bell, Hanne Darboven, Jan Dibbets, Dan Flavin, Hamish Fulton, Jene Highstein, Robert Irwin, Donald Judd, Joseph Kosuth, Sol LeWitt, Richard Long, Brice Marden, Robert Mangold, Robert Morris, Bruce Nauman, Richard Nonas, Robert Ryman, Richard Serra, Joel Shapiro, James Turrell, Lawrence Weiner eta Doug Wheeler. Pinturaren eta eskulturaren, artearen eta ideiaren, objektuaren eta ingurunearen arteko ohiko bereizketak alde batera utziz, artisten belaunaldi horrek gure iguripenak berriro definitzeaz gain erronka bat planteatzen jarraitzen du, artearen kontzeptuaren inguruan dugun ikusmoldeari dagokionez. Salbuespen gutxi batzuk izanik, Museoaren areto bakoitza artista horietako bakoitzari eskaini zitzaion. Kasu batzuetan obra bakar batek espazio bat hartu zuen arren, aretoetako askok artista baten pieza bat baino gehiago barne hartu zuten, Panzaren filosofiaren arabera artistaren obra sakontasunez ezagutzeko modua baita. Guggeneim bilbao Museoan aurkeztutakoa ez da bilduma entziklopediko bat, artista baten obrari dagokion aldi berezi baten azterlan kontzentratuak baizik. Artista horietako bakoitzarengan oinarritzean, ikusleak hobeto ulertu ahal izango ditu horietako bakoitzak serie batean edota ikuspegi desberdinen bidez modu errepikakorrean landu dituen kezkak. Era berean, orokorrean, Bildumak artista horiek izan dituzten motibazio komunak ulertzeko aukera ematen digu, bai eta bakoitzak baliabide edo material desberdinez baliatuz antzeko erronkei aurre egiteko modua ikusteko ere.
Minimalismoaren axioma bilakatu den esaldi batean, 1966an Frank Stella pintoreak hauxe zioen: "Ikusten dena ikusten dena da", bere obrei buru hitz egitean. Stellak arte minimalistaren obrari buruz egin zuen adierazpen horren konplexutasuna honetan datza: itxuraz sinpleak diren objektuen barruan esperientzia-maila anitzak daude. 1960ko hamarkadako azkeneko urteetan, arte-baliabideen iguripen tradizionalak zalantzan jarri eta berriro aztertu ziren. Robert Mangolden pinturek, adibidez Azalera 1/3 kurbatu gris-berdeska (1966) obrak, pinturaren eta eskulturaren diziplinen artean aurretik egindako bereizketak lausotzen dituzte. Nahiz eta pintura figuratiboak eta abstraktuak tradizioz baliabide horren izaera bidimentsionala ukatu izan duten sakontasunaren irudipena sortzean, Mangolden pinturak irudipen horretan oinarritzen dira eta, beraz, zalantzan jartzen dute. Forma desberdinak dituzten mihiseak erabiltzean, mihisearen euskarria "leiho" gisa hartzeari uko egiten dio artistak, eta teinkatutako oihalaren nolakotasun eskultorikoetan oinarritzen da, objektu gisa agerian utziz. Mangoldek ikusleek beren aurrean duten objektua ikusteko duten berezko joeran jartzen du arreta batez ere. Izenburuak berak adierazten duen bezalaxe, Azalera 1/3 kurbatu gris-berdeska adimenaren begiaz behatzen dugun zirkulu osoaren zati bat besterik ez da.
Carl Andre eta Donald Judd artistek ere ilusionismoari uko egin zioten eta ikuspegi literalagoa berenganatu zuten artea sortzeko, obra baten esanahia dagozkion benetako nolakotasun materialetan kokatzean, hain zuzen. Adibidez, kolorea era arrunt batean aplikatzeari utzi zioten, berez materialari atxikitako ezaugarri bat zela adierazteko, esaterako Andreren 10 x 10 Altstadt kobrezko karratua (1967) obraren kobre dirdiratsuan, edo Judden Titulurik gabea (1973) obraren plexiglas urdin argian antzeman daitekeen bezala. Obra bat benetan dena ezin da bereizi bere perimetro osoa inguratzen den arte; eskultura horien inguruan ibili behar da erabat ulertu ahal izateko. Bereiz daitekeen "parerik" edo "atzealderik" gabe, obra batek karratu baten itxura izan dezake ikuspuntu batetik eta laukizuzen baten itxura beste ikuspuntu batetik. Lehen behatzearen ekintza pasiboa gertatzen zen lekura konfrontazioa eta elkarrekintza ekarri zuen berekin minimalismoak. Zuzenean zoruaren gainean jarrita, hau da, idulkirik gabe, bi eskultura horiek minimalismoak artea ikuslearen espazio errealera eramateko egindako ahalegina adierazten dute; horrela, ikuslearen zereginak esanahi berria hartzen du eta objektuaren, ikuslearen eta inguruko espazioaren arteko erlazioa nabarmentzen da. Andreren eskulturak begien nahiz erraien bidez beha daitezke —izan ere, Museoko bisitariak eskulturen gainean ibiltzera gonbidatzen ditu—. Presentzia fisikoaren beraren kontzientzia ere agerian jartzen da Judden obrari dagokionez. Eskultura tradizionalak ardatz bertikala mantentzen duen bitartean, sarritan monumentaltasunaren sentsazioa eraginez, Judden obra alde guztietatik ikus daiteke, bai eta goitik ere. Eskultura horiek ez dute erreferente edo esanahirik ezkutuan eta beren indar horizontalak edozein irakurketa antropomorfiko mugatzen du.
Panza bildumako obra askoren ezaugarri den produkzio industrialeko material trukagarrien erabilera nabarmena da Morrisen 1969ko Titulurik gabea (altzairuzko 5 xaflako pieza) obran. Bridez finkatutako altzairuzko xafla industrialez osatuta dagoen obra horrek artisten eskuari eta arte-lan originalaren gorespenari esleitutako lotura erromantikoen aurka bere belaunaldiak egindako borrokaren erakusgarri da. Dan Flavinek ere nahiago izan zituen material prefabrikatuak eta soilik tutu fluoreszenteak erabiliz sortu zituen bere argi-eskulturak. Artisau gisa artistek betetzen zuten zereginari garrantzia kendu eta haien trebetasun kontzeptuala azpimarratzeari ekin zioten. Artista kontzeptualek, Joseph Kosuth eta Lawrence Weiner barne, are gehiago jarri zuten zalantzan objektu artistiko soilaren balioa. Ideia emaitza fisikoaren gainetik azpimarratzen zuten lanak egiten hasi ziren. Lengoaia edukia eta materia zen aldi berean. Ideia tramankuluaren gainetik goraipatu zuten eta obra baten adierazpen fisikoa adimenaren sorkuntza-prozesuaren edo ideiaren azpiproduktu soiltzat hartu zuten. Obra kontzeptualak iragankorrak izan ohi dira edota behin eta berriro berregin daitezke, hitzak behin eta berriro erabil daitezkeen bezalaxe. Kosuthen 'Izenburua duena (Artea ideia bezala ideia bezala) [Pintura]' (1967) obra hiztegi batean "ideia" hitzetik lortutako definizioaren argazki bat da, letra-mota sinple batez aurkeztuta eta kartoi gainean muntatuta. Kosuthen obra honek eta beste batzuek arte-lan baten forma eta eduki gisa hartutako ideiaren nozioa lantzen dute. Ikusten ditugun hitzak piezaren ikus-osagaia dira, baina informazioa eta esanahia ere eskaintzen dute.
Pertzepzio aldakorrak erakusketan aurkezten diren artista askok interes bera agertzen dute artearen eta bere ingurunearen erlazioaren aurrean bai eta obraren esperientzia zabaltzeko interesa ere, hain zuzen ere obrak inguruko espazioa barne hartzea lortzeko. Pertzepzio- eta ingurumen-artistek behatzailearen esperientzia estetikoa zalantzan jarri eta zabaltzen duten obrak sortu dituzte. Beren obrak estimulu espazial eta sentsorialetan oinarritzen dira, argiztapenaren efektuak eta efektu horiek inguruko espazioan duten eragina azpimarratzean. Hori berariazko kokaleku baterako pentsatuta dauden instalazio handien bidez lor daiteke, esaterako James Turrell eta Doug Wheeler-en obren kasuan, edota eskala txikiagoan, Robert Irwinen Gris argi berde arrosa more koloreko diskoa (1966–67) obraren kasuan. Nahiko ganbila den altzairuzko diskoak aretoaren espazioan flotatzen ari dela dirudi. Lau lanpara gorik itzalak sortzen dituzte diskoaren eta bere atzean dagoen paretaren gainean, objektuaren eta ingurunearen artean, eta materiaren eta argiaren artean dagoen muga ezabatuz. Behatzaileak gertakari hau ikusten duen modua obraren osagai integrala da. Era berean, Bruce Naumanen Argi berdeko korridorea (1970) behatzailearengan eta bere erreakzio eta jokabidean oinarritzen da. Bi pareta bertikal dituen korridore estu bat sortzean, Naumanek eskulturarekin elkarrekintzan aritzea gonbidatzen du ikuslea. Horrela sortutako espazioa zeharkatu ahala, argi berde fluoreszenteak ezerosotasun-sentsazioa sorrarazten du eta korridorearen ohi kanpoko luzerak eta dituen dimentsio estuek arkitekturak eta ingurugirotik sortutako estimuluek gorputzaren eta jokabidearen erreakzioen gainean duten eragina azpimarratzen dute. Naumanen environment delakoak (ingurugiroak) ikusleek parte hartzea eskatzen badu ere, parte-hartzaileen erreakzioak aurresan eta kontrolatzen ditu baita ere.
Hain iraultzaileak diren obrak biltzean, Panza bikotea babesten dituzten artistak bezain berritzaileak eta aurreratuak izan dira pentsatzeko moduan, babes hori batere ezagunak ez zirenean eskainitakoa baita. Gauzatzeko eta aurkezteko modu tradizionalari aurre egiten dion arte konplexuaren aurrean beldurrik gabe, Panzak obra asko bildu ditu eraikiak izan aurretik, soilik ideiak edo paper gaineko proiektuak zirenean, alegia. Obra haietako asko berariazko kokaleku baten menpe zeuden imajinatu edo sortzeko. 1970eko hamarkadaren hasieran, Panzak ingurune-mota horietako batzuk nahi zituen Varese-n (Italia) duen Villa Menafoglio Litta Panza bere egoitzarako, eta espazio horretarako instalazio iraunkorrak sortzeko eskaria egin zien Flavin, Irwin, Maria Nordman eta Turrelli. Egoitza Fondo per l'Ambiente Italiano-k (ondarea babesteko Italiako elkartea) zaintzen du eta 2000ko irailean zabaldu zizkion ateak jendeari. Veneziako Peggy Guggenheim Collection-en, aldi berean izango den Guggenheimen Panza Bildumako obren erakusketa batek iparraldeko Kaliforniakoak diren eta Bilduman agertzen diren sei artistaren obrak aztertzen ditu, horietako asko Bilbon ere ikusgai izanik. Hiru erakusketa hauek ohore egiten diote Panza bikoteari, bai eta beren ikuspegi, eskuzabaltasun eta bilduma osatzen duten obrak ulertu eta preziatzeko egin duten ekarpenari ere.
Richard Serra
Uhalak (Belts), 1966–67
Kautxu bulkanizatua eta neoizko hodiak
182,9 x 762 x 50,8 cm
Solomon R. Guggenheim Museum, New York. Panza Bilduma 91.3863