Pintura eta eskultura modernoa
1999.05.29 - 2000.05.14
Solomon R. Guggenheim Museum eta Guggenheim Bilbao Museoaren bilduma iraunkorretako obrez osatutako instalazio honek agerian uzten du xx. mendearen lehenengo erdian zehar abangoardiak izan duen ibilbide aldakorra. Europak bere historiako funtsezko gertakari batzuk ezagutu zituen: industrializazioaren ondorioak, mundu gerrak, Errusiako iraultza eta Espainiako gerra zibila. xx. mendearen hasieran, artistak elkarte edo mugimendu desberdinen inguruan bildu ziren, estetika soilaren mugak gainditzen zituzten ideal berri batzuk defendatzeko. Mugimendu haiek arte abangoardiak izena hartu zuten.
Hain zuzen ere, abangoardia haiek tradizioari eusten zion gizartearen aurkako matxinada kritikoari ekin zioten, eta mendebaldeko artearen figurazioaren ondare handia berraztertu nahi izan zuten. Arte-lan modernoa berez eta bere kasa errealitate bilakatu zen, naturarenak baino gehiago artearenak diren legeen menpe. Ordutik, artearen iturria eta justifikazioa, gertakarien munduan baino gehiago, adimenaren egoeretan oinarritu ziren.
Mende honetako lehenengo urteek aurreko mendean sortutako balio iraultzaile ugariren garaipena ekarri zuten berekin. Testuinguru horretan, 1907 urtearen inguruan, zenbait artista proposamen berriak esperimentatzen hasi ziren. Georges Braque eta Pablo Picasso mugimendu kubistaren aitzindari izan ziren, xx. mendean eragin handia izan zuen mugimendu berritzaileenetako bat izanik. Picasso, Robert Delaunay, Lyonel Feininger, Albert Gleizes eta Juan Gris-ek ohiko perspektibari uko egin zioten eta sakontasunaren irudimenezko itxura gaitzetsi zuten. Objektuak aldi berean ikuspegi desberdinetatik erakutsi zituzten, plano geometrikoetan zatikatuz. Kubismoak ez bezala, Alemaniako espresionismoak artistaren barne munduaren adierazpena landu zuen. Heinrich Campendonk, Vasily Kandinsky, Ernst Ludwig Kirchner, Oskar Kokoschka, Franz Marc, Emil Nolde eta Egon Schiele-k kolore biziak eta pintzelkada urduria erabili zituzten beren emozioak adierazteko, ikuskera subjektiboa gailenduz. Gerora, Kandinskyk bere Bat-batekotasunak delakoetan naturaren aztarrenik ia ez zuen agertuko, Paul Klee-k bezala musikaren eragina jasoz.
Abstrakzioaren barruan, bi joera ia batera agertu ziren mende honetako lehenengo hamarkadetan. Batek estetika razionala defendatzen zuen, geometriaren oinarriak eta kolorearen teoria azpimarratuz: abstrakzio geometrikoa; besteak, berriz, inkontzientearen mundua zuen inspirazio-iturri, eta irudimen hutseko artea aldarrikatzen zuen: surrealismoa. Abstrakzio geometrikoa lehenengo mundu gerrarekin batera iritsi zen, Alemania eta Errusiako zenbait artista-elkarteren eskutik. Mugimendu honen ordezkari nagusiek funtsean abstraktua zen artea landu zuten, konposizioetan bizitza objektiboaren erreferentzia guztiak ezabatuz eta, hala, "bizitza sentimendu artistiko soiletik" ikusiz. Aldi berean, Holandan, mugimendu erradikal bat sortu zen De Stijl izena zuen aldizkariaren bitartez. Ordezkari nagusia zen Piet Mondrian-ek hizkuntza estetiko unibertsala aldarrikatu zuen, forma geometrikoak oinarrizko koloreekin eta zuri-beltzarekin konbinatuz. Era berean, Alemaniako Bauhaus eskolaren oinarri teoriko eta praktikoek, funtzionaltasunean eta teknologian oinarrituek, eragin izugarria izan zuten gure mendeko arkitekturaren eta arteen bilakaeran. Josef Albers, Kandinsky, Klee eta László Moholy-Nagy eskola hartako irakasle izan ziren beste zenbaiten artean, eta kubismotik eta espresionismotik erabateko abstrakzioraino izandako aldaketa estetikoa sendotu zuten. Aitzitik, mugimendu surrealista osatzen zuten artistak subkontzientearen mundua mihisera eramaten saiatu ziren. Freud-en psikoanalisiaren teoriaren eraginpean, automatismo psikikoaren teknikak erabili zituzten artistek amestutako irudiak adieraztearren; horren ondoriozko razionaltasun-irrazionaltasun nahasketa beren lanen berezko ezaugarri bilakatu zen. Surrealistek irudimen handia erakutsi zuten modu berritzaile batean, ia-ia umeak bailiran, beren haluzinazioen eta ametsen esperientziak adieraztean, eta garai hartako gizarte tradizionalarengan zirrara handia sortu zuten. Joan Miró-ren pinturen eta Jean Arp-en eskultura eta erliebeen bidez, forma biomorfikoak surrealista askoren lanetan ezinbesteko elementu bilakatu ziren gainera.
Faxismoaren garaipenak eta bigarren mundu gerrak Europako artista ugari Estatu Batuetara, eta batez ere New Yorkera alde egitea eragin zuten. Albers bezalako Bauhaus eskolako irakasle izandakoek eta surrealismoaren ordezkari nagusiek izan ziren, besteren artean, alde egin zutenak eta eragin handia izan zuten Iparramerikako artisten belaunaldi berrietan; adibidez, espresionismo abstraktua izena eman zitzaion mugimendua osatu zuten artistengan. Hala, Estatu Batuak Europako ondarea jaso zuen eta mendebaldeko munduko artearen erdigune bilakatu zen. Espresionismo abstraktua, edo ekintza-pintura, gerra osteko Amerikako lehen arte mugimendu handia izan zen. Joera honetako pintore nagusiak forma eta emozioa bat egiten saiatu ziren, beren pinturaren edukia artistaren nortasunaren adierazpenean oinarrituz, eta kanpoko estimuluak saihestuz. Zenbait artistak, esate baterako William Baziotes, Willem de Kooning, Adolph Gottlieb eta Robert Motherwell-ek, keinuzko trazu indartsua erakusten zuen pintura landu zuten. Pintzel klasikoaz gain, pintura aplikatzeko prozedura anitzak eta berritzaileak erabili zituzten (besteak beste, pintura tantak zuzenean erortzen uztea edo zuzenean ontzitik isurtzea mihisearen gainean), horren bidez gainazal pintatuaren garrantzia adieraziz. Metodo horiez baliatuz, artistek mihisearen gainean banatzen zituzten forma zehaztugabeak lortzen zituzten, obrei lañotasun kutsu bat emanez. Beste artista batzuek, adibidez Mark Rothko eta Clyfford Still-ek giza nahien izaera unibertsala nabarmendu zuten kolore-plano handien bidez, eta ezaugarri hori dela-eta kritiko batzuek "mistiko" adjektiboa erabili zuten beren obrak deskribatzean.
Robert Motherwell
Feniziako estudio gorria (Phoenician Red Studio), 1977
Akrilikoa eta ikatz-ziria mihise gainean
218,44 x 487,68 cm
Guggenheim Bilbao Museoa